Txalapartaren komunikatua koronabirusaren krisia dela eta
Bizi dugun egoera larri honek eragin handia du gure sektorean, gehienbat liburu-denden itxieraren ondorioz; horregatik, TXALAPARTAk mezu hau helarazi nahi die bezero eta hornitzaile guztiei, jakinarazteko zein den gure egoera une hauetan.
Lehenengo eta behin, kontuan hartuta liburuaren sektorean bizi dugun egoera larria, besarkada bana eta indarra bidali nahi diegu liburu-saltzaileei, banatzaileei, liburuzainei, egileei, itzultzaileei, ilustratzaileei… Egun gogorrak dira denontzat, baina osasuna eta bizitza lehentasuna dira. Orain, dudarik gabe, ondoan ditugunak eta geure burua zaintzea da egin dezakegun ekarpenik onena aurrerago ere liburuak argitaratzen eta ideiak zabaltzen jarraitzeko.
Gogoan ditugu, halaber, gure irakurleak, TXALAPARTA KLUBeko kideak… Zuen arazo eta zailtasunak gureak balira bezala bizi ditugu, eta une zail honetan gure liburuek zuen egunerokotasuna arintzea espero dugu, horretarako ere argitaratzen baitugu.
Liburu-denden itxieraren ondorioz oso egoera zaila izango dugu argitaletxe guztietan, eta horrek ekarriko du, ziurrenik, hurrengo hilabeteetarako aurreikusita genituen proiektu batzuen birplanteatzea. Hau da datozen asteetarako aurreikusten dugun egoera:
- TXALAPARTAn behar diren neurri guztiak hartzen ari gara gure langileen osasuna babesteko, bai eta gure gertukoena ere. Horregatik, telelana ezarri dugu posible den kasu guztietan eta gutxieneko langile talde bat arituko da bulegoan eskaerez arduratzeko eta bezeroei arreta emateko, betiere higiene eta segurtasun berme guztiekin, ez gu ez beste inor arriskuan ez jartzeko. Hortaz, arreta emateko ohiko ordutegia ez da aldatuko: astelehenetik ostiralera, goizeko 9etatik arratsaldeko 6etara, alegia.
- Gure online liburu-denda zabalik egongo da (TXALAPARTA.EUS); bertan dituzue eskura Txalapartaren funts guztiak, plazaratutako azken nobedadeak eta dozenaka argitaletxe independenteren milaka liburu. Zuen eskaerak egiten jarrai dezakezue, eta, orain arte bezala, etxera azkar eta seguru iristeko ahaleginak areagotuko ditugu.
- TXALAPARTA KLUBean gomendatutako liburuen egutegia bere horretan utziko dugu apirilean, maiatzean eta ekainean (gure aldizkarian ikus ditzakezue zeintzuk diren liburuak). Eta hurrengo hilabeteetarako aurreikusitakoen argitalpenari ere eustea espero dugu. Esan beharrik ez dago aurkezpenak eta jendaurreko ekitaldi guztiak bertan behera gelditu direla.
- Beste behin ere nabarmendu nahi dugu, une gogor eta latzenetan batik bat, Txalapartako irakurleen kluba dela proiektu independente honen komunitatea eta, beraz, bermea. ESKERRIK ASKO, beste behin ere, guzti-guztioi ematen diguzuen sostengu eta konpromisoagatik. Etorkizunean ere hala izango delakoan gaude. Bitartean, TXALAPARTA KLUBa zaintza kluba ere izan dadin, eposta eta telefonoak irekita dauzkagu, normaltasunez, zuen eskariak jasotzeaz gain zuen kezka, behar eta zalantzak erantzuteko.
Ibaietako, itsasoetako eta mendietako jendeak
izanen ditu itsasoa eta belardiak eta ibaiak eta basoak.
Dena izango dute eta bizitzaz hitz egingo da»Ovidi Montllor
Una forta abraçada des del País Valencià I molts ànims.