Aingeru Epaltza Ruiz de Alda
1960 Iruñea (Nafarroa, Euskal Herria)
Kazetaritzan lizentziaduna da. Hedabide ugaritan aritu ondoren (Deia, Euskal Telebista, Navarra Hoy), itzultzaile hasi zen lanean Nafarroako Gobernuan. Ondotik ere, kolaborazio anitz argitaratu du Noticias de Navarra, Argia eta Nabarra-n. Lehenbiziko idazlanak Korrok fanzinean karrikaratu zituen, 1984-1989 bitartean. 1990. urtean Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari hautatu zuten. Urte berean, Rikardo Arregi saria jaso zuen Baloraziozko Kazetaritza atalean. Antzerki lan bat (Mugetan Irri, 1984) eta poema liburu bat (Ahur taupada geldoak, 1985) kaleratu bazituen ere, ondoko lanak narratibazkoak izan ziren: Sasiak ere begiak baditik (1986), Garretatik erauzitakoak (1989), Ur uherrak (1993), Lur zabaletan (1994) eta Tigre ehizan (1996). Eleberri labur honekin Euskadi Literatura saria irabazi zuen 1997an. Nafarroako Euskararen Kontseiluko ordezkaria izan zen, baina 1999an kargua utzi zuen Nafarroako Gobernuaren euskara politikarekin bat ez zetorrelako. 1999an Joseba Jaka beka irabazi zuen, eta laguntza horri esker kaleratu zuen 2000. urteko azaroan Rock'n'roll izeneko lana. 2006 eta 2013 bitartean, Erresuma eta fedea trilogia argitaratu zuen, XVI. eta XVII. mendeetan kokatutakoa: Mailuaren odola (2006), Izan bainintzen Nafarroako errege (2009) eta Gure Jerusalem galdua (2013). 2007an Bezperaren bezpera atera zuen, Nafarroako abertzaletasunari buruzko saiakera-lana.