Gioconda Belli Pereira
1948 Managua (Nicaragua)
Erdialdeko Amerikako emakumezko idazlerik estimatuenetakoa da. 1970ean eman zituen bere lehen poemak ezagutzera. Urte horretan berean Frente Sandinista de Liberación Nacional deituriko erakunde orduan klandestinoan sartu zen Somozaren diktadura uzkailtzeko. 1972an Sobre la grama bere poema liburua saritu zuten eta ondoren etorri ziren Línea de fuego obrarengatik jaso zuen Casa de las Américas saria, 1978an.
Somozaren Poliziak esetsita, Mexikon eta Costa Rican bizi izan zen erbesteraturik. Iraultza Sandinistak garaiturikoan, Nikaraguara itzuli eta iraultza gobernuko hainbat diplomazia kargutan aritu zen eta Truenos y Arco iris eta La costilla de Adán argitaratu zituen.
1998an La mujer habitada bere lehen nobela eman zuen argitara Txalapartak, hainbat hizkuntzatara itzulia eta oso argitalpen arrakastatsua. Horren atzetik Sofía de los Presagios eta El país bajo mi piel, halaber etxe honek argitaraturik, eta Waslala etorri ziren.