Joanes Urkixo Beitia
1955 Bilbo (Bizkaia, Euskal Herria)
Euskal Filologian lizentziatua da, lanbidez idazle eta gidoigilea. Idazle lanetan, 1978-80 urteetan hasi zen, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta Joseba Sarrionaindiaren Pott bandaren aldizkarietan kolaboratuz. 1983 urtean Ttu-ttua literatur aldizkaria sortu zuen Laura Mintegirekin batera eta, aldi berean, hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen. Lehen liburua (Eta beharbada ispilu beltz bat) 1982 urtean argitaratu zuen, eta segidan, Elur gainean (Erein, 1984) narrazio bilduma. Harrezkero, 20tik gora lan argitaratu ditu, horietatik asko haur eta gazteentzat: Patxi Trumoik letrak ikasi nahi ditu, Thule, Bihotz Ausarta, Gerlari Zuria eta abar. Zenbait literatur sari ere eskuratu ditu, bereziki aipagarriak hauexek: 1983 urtean, Eusko Jaurlaritzaren “Kirikiño” narrazio labur saria. 1997 urtean, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren beka. 2003 urtean, Apirila Saria, Gerlari Zuria eleberriarekin.