Patxi Bisquert Manterola
1952 Zizurkil (Gipuzkoa, Euskal Herria)
Besteak beste, Akelarre (1983), Tasio (1984) eta Celda 211 (2008) pelikuletan protagonista aritu da. 1981ean ekin zion zinemako jardunari, Imanol Uribek bigarren mailako pertsonaia antzeztea eskaini zioenean La fuga de Segovia filmean. Bisquertek, beste batzuekin batera, pelikulan kontatzen diren gertaerak antolatu zituen -kartzela gaztelar batetik ETAko preso batzuen ihesa, 1976an-, eta bitan espetxeratu zuten bai Egi-Batasunako bai ETA erakundeko kide izatea leporatuta. Ordutik, hamaika film labur, telebista saio eta antzezlanetan parte hartu du, eta hogeita hamar film luzetan baino gehiagotan. Halaber, hainbat dokumental ekoiztu eta zuzendu ditu (Terra do Millo kasu), eta orain, 2012an, berriz heldu dio zeregin horri Joaorekin, Serra da Queixa-ko azken artzainarekin. Rosa du lehenengo eleberria.