- Home
- Argitaletxe lagunak
- Denonartean-Cenlit
Argitaletxea Denonartean-Cenlit
CENLIT EDICIONES nafar argitaletxea 1976. urtean sortu zen, eta urte asko eman ditu hezkuntzaren, irakaskuntzaren eta zenbait jakintza-eremu bereziren inguruko liburuak argitaratzen.
Orain dela urte batzuk, argitaletxearen jabetzan izandako aldaketarekin batera, argitaletxean beste hainbat arlo jorratzeko proiektuari ekin zion Kike Hualde editoreak Unai Pascualekin batera. Horren emaitza da DENONARTEAN zigilu berria.
DENONARTEAN, batetik, nazioarteko mailan ezagunak diren egileen obrak euskarara ekartzeko sortu da, eta, bestetik, euskaraz sortutako obrak zein euskal gaien ingurukoak argitaratzeko. Katalogo orekatua du helburua, argitaletxearen funtsari eta egileei dagokienez, eta, horregatik, idazle oso ezagunen ondoan –Lev To´lstoi edo Fernando Pessoa, esate baterako–, euskal idazle berrien aldeko apustua ere egiten ari da (Mikel Mendibil, Rebeka Elizegi edo Egoitz Garro, esaterako). Kalitateko lanak eskaini ez ezik (irudiak, marrazkiak, argazkiak...), balio pedagogiko unibertsalak ere bultzatu nahi ditu: ekologismoa, adiskidetasuna...
Horretarako, arlo askotako profesionalak (itzulpengintza, diseinua, argazkigintza...) bildu dira argitaletxe-zigilu honen inguruan, proiektua aurrera ateratzeko helburuak batuta.
Euskarara kalitate aitortuko testuak ekartzea duten obrak ere badaude, nazioarteko mailan ospea lortu duten egileek idatziak, irakurle askoren arreta erakartzeko gauza direnak. Halakoei dagokienez, testuen kalitatea eta irakurle askorengana iristeko asmoa uztartzeko erronkari heldu dio zigiluak.