- Home
- Argitaletxe lagunak
- Maiatz argitaletxea
Argitaletxea Maiatz argitaletxea
Maiatz (1984- ) Baionan kokatutako euskal argitaletxea da, Lucien Etxezaharretak eta Itxaro Bordak 1982an bultzatutako izen bereko aldizkariaren baitan garatu zena. Aldizkariak nahiz argitaletxeak oso egiteko garrantzitsua bete dute lurralde frantsesaren baitako euskal probintzietan, euskal idazleen literaturaren garapenerako esparru gisa. Izan ere, 80ko hamarkada iristerako euskal kultura marginazio eta asimilazio prozesuan murgilduta zegoen eremu hartan. Hala, ‘maiatz’ izena hilabete honen sinbologiagatik izan zen hautatua, jaiotzaren, berritzearen eta amaren laudorioaren esanahien bueltan. Honekiko itxurazko antitesi gisa ageri da logoaren grafia, euskal literaturaren liburu zahar batetik hartutakoa, baina bi elementuen elkarrekiko harremana ez da baztertzailea, osagarria baizik, tradiziotik abiatutako berritzea, udaberriaren betiereko itzulera eta modernitatearen ideia iradokiz, hastapenetik protagonismo garrantzitsua izan duten feminitatearen eta feminismoaren osagaiak ahaztu gabe.
1981eko maiatzaren 10ean Etxezaharretak eta Bordak bilkura bat egin zuten Baionan, eta orduan erabaki zuten Maiatz (1982- ) aldizkariaren proiektuari ekitea. Urte bereko udan “Maiatz Batasuna” taldea sortu zen, euskal idazleek aukera izan zezaten euren lanak argitaratzeko, euren artean elkarlanean aritzeko eta Iparraldeko literaturaren nahiz euskararen inguruan hausnartzeko. Taldea heterogeneoa zen, eta ordurako aski egonkortutako Piarres Xarriton edo Iratzeder moduko euskal letretako izenen belaunaldia jarraian zetorrenarekin lotu zuen, jadanik aipatutako Borda, Aurelia Arkotxa edo Jon Casenave kide zituena, besteak beste. Maiatz aldizkaria 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen, hain zuzen ere euskal letretako sektore gazteenak berrikuntzari estu lotutako literatur grinak garatzeko baliabide gisa aldizkako agerkariak erabili zituen garaian. Formatu honek talde lana eskatzen zuen baita, era berean, autonomia maila altua eskaintzen ere. Hala, Espainia barneko euskal eremuan Ustela (1975-1976), Susa (1980-1994) edo Xaguxarra (1980-1981) aldizkariekin gertatu bezala, Maiatz Iparraldeko luma berrien agerleku eta laborategi izan zen, euskal letrak eraberritzeko aspirazioak mamitzeko leku. Kandela agerkariko taldeak Hordago argitaletxearekin argitaratutako lan kritiko batean baieztatu zuenez, Maiatz izan zen, aldizkako euskal euskal agerkarien boom-aren testuinguruan, guztien artetik ezberdinena eta aukera gehien eskaintzen zuena.
Aldizkariaren lehen zenbakia Etxegorri apaizak Angeluko elizan zeukan Blancpignonean inprimatu eta 1982ko otsailean eman zuten argitara. Hastapenetik eduki aniztasunak ezaugarritu zuen agerkaria, hala testuen gaiei nola estilo nahiz estetikari zegokionez, bai eta erabilitako euskalkiei zegokienez ere, garai hartako euskal literaturaren panoraman oso presentzia txikia zeukatenak. Aurreneko aurkezpena Baionako Fakultatean egin zuten, Euskal Ikasketen Institutua berriki ireki zela baliatuz, eta hiruhilabetekaria izateko asmoz sortu bazen ere, urtero bi ale kaleratu ohi dira, salbuespenak salbuespen. Taldeak zenbaki monografikoak atsegin zituen, munduko literatura anitzekin lotutako lanak, eta egileen artean agertzen dira Emilio Lopez Adán “Beltza”, Eñaut Etxamendi, Mayi Pelot, Manex Erdozaintzi-Etxart, Beñat Oihartzabal, Txomin Peillen, eta abar. Aldizkariarekin batera, 1984ko maiatzetik aurrera literatura solasaldiak antolatzeari ekin zioten, mugaren bi aldeetako idazleen hartu-emanak indartzeko oso lagungarriak, eta hortik abiatuta aldizkariak Hegoaldeko idazleei ere leiho bat ireki zien. Hori izan da preseski taldearen ezaugarri aipagarrienetariko bat, euskal letren belaunaldi berriaren indar dinamizatzailearen funtzioa bete duela, frantziar eremuko euskal probintzientzat, bereziki, baina baita Bidasoaren bi aldeetako lotura-gunearentzat ere. Bultzatutako askotariko ekimenen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Maiatzaldia Baiona-Iruñea / Iruñea-Baiona topaketak, urtero txandaka Iruñan eta Baionan ospatzen direnak.
Lehen solasaldien 1984ko urte horretan bertan eman zuen Maiatz-ek lehen bi liburuak argitaratzeko pausoa: Bordaren Bizitza nola doan poema liburua eta Marc Legasseren Concerto guerrillero pour un país qui n’existe pas, azken hau aldez aurretik Txertoa argitaletxeak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratua. Hala, Ustela eta Susa-ren kasuan gertatu bezala, Maiatz aldizkaritik ere argitaletxe bat sortu zen. Orduz geroztik urtero 3 eta 5 liburu artean kaleratu ditu Maiatz argitaletxeak, gaur gaurkoz tipología anitzeko liburuen 150 izenburu inguru eman dituena. Aniztasun horren adierazle dira 2017an aldizkariaren sorreraren 35. urteurrenaren harira aurkeztutako berritasunak: Bordaren Odolak su gabe diraki (2017) testu dramatikoa, Pierre Mestroten Bihotz ebatsia (2017) eleberria, el Xipri Alberbideren Garapena gelditu (2017) saiakera eta Mikel Hiribarrenen Basaburuko altxorrak kronika liburua.
Etxezaharreta da gaur egun aldizkariaren eta argitaletxearen zuzendari-kudeazaile nagusia, eta sorreratik honako ibilbidean batak zein besteak eutsi diote frantziar eremuko euskal idazleentzat bozgoragailu izatearen konpromisoari. Hain zuzen, gaur euskal literaturaren panoraman pisuzkoak diren hainbat izenek aldizkariaren nahiz argitaletxearen bidez eman zituzten euren lehen pausoak, euskal literaturaren bilakabidean izandako garrantziaren froga. Emaitzari erreparatzea besterik ez dago: 80ko hamarkadan finkatutako helburua betetzeaz gainera, hau da, euskal literatura landa eremu idealizatu eta moralismotik ateratzearena, Maiatz egungo euskal klasiko ugariren harrobi izan da.