- Home
- Argitaletxe lagunak
- Siglo XXI de España Editores, S.A.
Argitaletxea Siglo XXI de España Editores, S.A.
SIGLO XXI DE ESPAÑA EDITORES argitaletxeak Madrilen du egoitza, eta historia, filosofia, soziologia, politika eta ekonomia, eta gizarte- eta giza zientzien arloetako pentsamendu kritikoa garatu eta lantzen dituzten liburuak argitaratzen ditu. 2010etik geroztik, GRUPO EDITORIAL AKAL osatzen du, EDICIONES AKAL, ISTMO, FOCA eta HBLUMErekin batera.
1967an sortu zen, filial mexikarra baino bi urte geroago, Kultura Ekonomikoaren Funtsaren zuzendari nagusia izandako Arnaldo Orfila Reynalen ekimenez. Mundu intelektual eta profesionaleko hainbat pertsonak ere parte hartu zuten SIGLO XXI proiektuan: Juan Benet, José Ramón Recalde, Daniel Zarza, Pablo García Arenal, José Luis López Aranguren, Faustino Lastra, Clemente Auger, Manuel Varela, Javier Pradera, Jesús Vicente Chamorro, Pablo Serrano, Fernando Claudín edo Javier Abásolo, besteak beste.
Lehenengo denboraldiko katalogoan idazle ugari agertzen dira, hala nola Julio Cortázar, Augusto Roa Bastos, Alejo Carpentier, Juan Benet, Eduardo Galeano, Fernando Claudín, Carmen Martín Gaite, Francisco Tomás y Valiente, Manuel Tuñón de Lara, Agustín García Calvo, Gonzalo Puente Ojea edo Manuel Castells, baita umorista grafiko batzuk ere (Chumy Chúmez eta Quino kasu). Atzerritarren artean, hauek nabarmentzen dira: Marta Harnecker, Roland Barthes, Tzvetan Todorov, Jacques Lacan, Karl Marx, Sigmund Freud, Paul Ricoeur, Louis Althusser, Noam Chomsky, Jean Baudrillard, Pierre Bourdieu, Eric Hobsbawm eta Michel Foucault.
Argitalpen-fundazio honen oinarrizko ideia Espainiako Estatuan pentsamendu politiko, soziologiko eta historikoa eraberritzea zen. Herrialdean bertan argitaratu eta banatzeak kostuak gutxitzea ekarri zuen, eta horri esker lortu zen erronka.
1990eko hamarkadako bigarren erditik aurrera, ordea, salmentak jaisten hasi ziren, etengabe. Idazle eta hornitzaileekin zituen zorrak, kostu finko handi-handiek itotako azpiegitura eta hainbat porrot komertzial tartean, enplegu-erregulazioko espedientea eman zuen zuzendaritzak; ez zuen, ordea, aurrera egin. Baina, lau urte geroago, Faustino Lastrak, Javier Abásolo zuzendari ohia ordezkatuta, lan-arloko autoritateak berregituraketa ontzat ematea lortu zuen. Administrazio Kontseiluak banaketa-etxea utzi eta egoitzaren eraikina saltzea erabaki zuen. Langile gehienak kaleratu zituen, bestetik, argitalpen-ekipoa minimora murrizteraino.
2010ean EDICIONES AKAL argitaletxeak erosi zuen.
Bildumak
Giza zientziak eta pentsamendu kritikoa dira argitaletxearen gai nagusiak, baina historiak ere badu lekua. Izan ere, 37 liburukitan banatutako Historia Universal Siglo XXI obra famatuaz gain, honako hauek ere badaude:
Estudios de historia contemporánea
Historia de Europa
Nueva historia de Europa
Historia de la filosofía
Historia de la tecnología
Historia de las religiones
Historia de los movimientos sociales
Historia económica mundial
Historia inmediata
Historia y arqueología
Gizarte-zientziak, filosofia, linguistika eta antropologia, baita psikologia eta ekonomia ere, jorratzen ditu. Hezkuntza, hirigintza, arteak, gizarte-ekintza, zientzia eta teknika ere kontuan hartu izan dira, neurri apalagoan bada ere. Argitaletxeko bereizgarriak izan diren idazleek atal propioak dituzte katalogoan (Eduardo Galeano Liburutegia, Gonzalo Puente Ojea Liburutegia), eta beste intelektual eta pentsamenduaren arloko egile famatu batzuek ere leku propioa hartu dute hainbat bildumatan: El hombre y sus obras, Biografías, Voces del Este edo Filósofos en 90 minutos.