Aquest Sant Jordi, preso eta iheslariak etxera!
Apirilaren 23an Bartzelonan izango gara gure liburu eta arrosekin. Oso Sant Jordi berezia izango da, preso eta exiliatu politiko katalanen alde egitekoak diren zenbait ekimenekin. Horregatik, gaurtik hasita, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna ospatzen baita, Sant Jordi egunera bitarte gure liburu-dendako erakusleihoa beteko dute errepresaliatuek idatzitako liburuek, kartzelari eta errepresioaren kontrako gaiei buruzko saiakerekin batera. Horrez gain, Òmnium Cultural erakundearen kanpainarekin bat egin, eta eskatzen dituzuen liburuak paper horian bilduta entregatuko dizkizuegu aste honetan. Eta tradizioak agintzen duena betez, liburu bakoitzarekin lore bat oparituko dugu: Kalera Kalera ekimenaren pin-a.
Aste hauetan errepresaliatuen aldeko ekintza solidario ugari antolatzen ari dira, eta Txalapartako langileok ere gure aletxoa jarri nahi dugu. Maiatzean Anna Gabrielen “Y hablaremos de vida!” (“Eta biziaz hitz egingo dugu!”) argitaratuko da, katalanez eta gaztelaniaz, Tigre de Paper-ek lehenbizikoa eta Txalapartak bigarrena. Liburu honekin biltzen den diru guztia Ana Gabriel-en aldeko elkartasun kutxara joango da.
Horrez gain, Etxerat-ekin eta Justo Arriolarekin elkarlanean, azken asteotan “A los pies del caballo” liburuaren aleak igorri ditugu Espainiako eta Frantziako estatuetako 70 espetxe baino gehiagotara. Keinu horrek bi helburu ditu: batetik, preso daudenei laguntzea isolamenduari aurre egiten; eta, bestetik, aukerak ematea kartzela barruan eztabaidatzeko, bai substantzia horien erabileraz bai heroinak kartzeletan elkartasuna suntsitzeko bete duen paperaz.
Liburu bakoitzean adierazten dugunez, gure ideia da liburua espetxeko edo, gutxienez, moduluko preso guztiengana iristea, eskuz esku. Duela egun batzuk Txalaparta Klubeko kide batek, txio batean, liburua Alfoni bidaltzea proposatu zigun. Ikusita Navalcarneron ez dagoela euskal preso politikorik hari liburua helarazteko, zuzenean bidaliko diogu Alfoni berari.
Sant Jordi egunean, liburu bat eta arrosa bat
Hasieran esan dugu apirilaren 23an Bartzelonan izango garela Sant Jordi eguna ospatzen. Txalapartaren postua Ramblan bertan egongo da, 1. zenbakiaren parean, eta han aurkituko dituzue gure argitalpen berri guztiak eta argitaletxeko liburu nabarmenenak. Egun horretan bat egingo dugu Òmnium Cultural erakundeak errepresaliatu politiko katalanen alde gauzatuko duen kanpainarekin; izan ere, erakunde horrek proposatu die argitaletxeei eta liburu-saltzaileei arrosa horiak banatzea eta liburuak kultur entitateak atera duen paper hori berezi batean biltzea.
Tradizioak agintzen duena betez, liburu bakoitzarekin arrosa bat oparituko dugu: euskal preso eta iheslari politikoen askatasunaren aldeko Kalera Kalera ekimenarekin pin-a. Lore hori Picassoren Gernika margolanean ageri den gudariak eskuan duena da, oinazearen gainetik sortzen den esperantzaren adierazgarri. Egia esan, ez dago argi lorea arrosa, krabelina edo beste lore mota bat den, baina polita iruditu zaigu sinbolo horretaz janztea ekimena.
Sant Jordi eguneko ekimena gure online liburu-dendan ere nabarituko da. Gaurtik (apirilak 17) hasita apirilaren 23 bitarte, gure erakusleihoa espetxeetatik eta exiliotik idatzitako lanek beteko dute, kartzelari eta errepresioaren kontrako borrokari buruzko saiakerekin batera. Horrez gain, Òmnium Cultural erakundearen proposamena gure egin, eta aste honetan paper horian bilduta entregatuko dizkizuegu eskatzen dituzuen liburuak. Eta liburu bakoitzarekin Kalera Kalera ekimenaren pin-a ere iritsiko zaizue.
Kartzelako literatura
Txalapartaren DNAn dago euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko borroka. Eta borroka editorialean eman ditugun 30 urte hauetan ez dugu beste alde batera begiratu munduko edozein tokitako preso sozialen eta errepresaliatu politikoen egoeraren aurrean. Etengabe salatu dugu. Txalapartaren katalogoko ehun liburutik gora kartzelan idatzitakoak dira, mundu osoan, baita exilioan eta deportazioan ere. Hor daude Nelson Mandela, Bobby Sands, Mumia Abu-Jamal, Mauricio Rosencof, Patxi Zamoro edo dozenaka euskal preso eta exiliatu politiko. Ibilbide literario honetarako zenbait liburu hautatu ditugu, eta, albiste honen azpian, beste horrenbeste proposatzen dizkizuegu.
Gainera, Ataramiñeren katalogoan ere euskal preso politikoek idatzitako lan asko dauzkazue.
Llibertat presos polítics! Preso eta iheslariak etxera!
Iruzkinak 0 iruzkin