Asel Luzarraga: «Beharrezkoa da amesten dugun gizarteari lekua egitea»
Esan gabe doa Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako pieza bat da, gure eskuetara iristen den lehenengoa. Utopia bat, esan beharko. Bizigarria eta bidezkoa izan daitekeen zentzu komun baterako gonbita, Latinoamerikako tradizioak hain berezkoa duen errealismo magikoak zipriztinduta. Asel Luzarraga egilearekin bere liburu berriaz hitz egin dugu elkarrizketa honetan.
Trilogia baten lehen alearekin zatoz, unibertso oso bat sortuta. Nola esanen zenuke txertatzen dela trilogia hau zure bibliografian?
Trilogia honek mundu itxuraz berri bat zabaltzen badu ere, nire aurreko nobelen unibertso literario berean kokatzen da. Aurreko liburu batzuetan egiten dira hari buruzko aipamen batzuk, Bioklik, Bahiketa eta Malthusen ezinegona eleberrietan, esaterako. Azken finean, nire liburu guztiek puzzle narratibo bat osatzen dute, baina, orain artekoetan bizi garen gizartea eta eredu horrek norantz garoatzan islatu nahi izan dudan bezala, oraingoan norantz jo genezakeen iradoki nahi izan dut, bide desiragarriago bat: gizakien arteko eta naturarekiko harremanak eta gizartea bera ulertzeko beste zentzu komun bat garatzeko aukera.
Fikziozko idazle bat jarri duzu trilogiaren autoretzat, Simun Palsu izenekoa. Jolas literarioa baino zerbait gehiago al da?
Jolas literarioa da batez ere. Fikziozko herrialde bati ahotsa jarriko dion idazlea. Askayalak emandako idazlea dela esan daiteke eta, bestalde, nire azken urteotako bilaketa literarioa islatzen du. Erabakia aspaldi hartu nuen, 2009an, Txilen, orduan Bioklik idazten ari nintzela eta Asier Serranok helarazitako Erlojugilea eleberriaren eskuizkribua esku artean nuela (pizgarri itzela). Berak buruan zuen proiektuaren berri eman zidan, eta nik, garai berean, Nietzscheren Hala mintzo zen Zaratustra irakurri eta trilogiako bigarrena izango denaren lehen pasarte osoa etorri zitzaidan braust. Hor sentitu nuen arnas luzeko proiektu bat zetorrela, eta ahots berri bat zebilela taupaka haren azpian. Simun Palsu jarri nion izena ahots horri, eta ez da trilogia hau haren eskutik etorriko den bakarra.
Etorkizun hurbilean kokatu duzu Esan gabe doa, eta modu erabat horizontalean jarduten den gizarte komunitario bat marraztu duzu. Eskuina ugaritzen eta neoliberalismoa errotzen ari den honetan, hori zer da, fantasia ala arnasbidea?
Desioa da. Ideia etorri zitzaidan Bioklik distopia idazten ari nintzela, eta Utopiaren itzalak eleberri amaitu berriak ere gero eta hurrago dugun kolapsoa iragartzen zuen; orduan pentsatu nuen nahi ez dudan eta gainean daukagun gizarteaz hitz egitea ondo dagoela baina beharrezkoa dela, era berean, amesten dugun gizarteari lekua egitea, irudimenari onerako hegan egiten uztea. Norantz goazen ohartaraztea ez da nahikoa, aukerak behar ditugu. Gero, Malthusen ezinegona argitaratu eta gero, batek baino gehiagok esan dit holako zerbait behar duela, itxaropena, distopiak itogarri gertatzen zaizkiolako. Uste dut denok behar dugula nahi genukeen etorkizun bat imajinatu, horra abiatzeko lanean hasiko bagara. Berandu ez dela sinistu nahi dudalako, ebidentzia guztien kontra.
Lau ataletan banatu duzu trilogiaren lehen nobela, ia-ia lau ipuintzat har daitezkeenak.
Elkar osatzen duten lau atal dira, hasieran hari oso fin batek lotuak diruditenak, baina ezinbestekoak dira denak elkar osatu, ulertu eta argazki osoa egiteko. Errealitate beraren lau aurpegi dira. Istorioetako bi Askayala iraultzailean gertatzen dira, nazioarteko inbasio baten mehatxuak gizarte proiektu iraultzailearen aldeko sakrifizioak eskatzen dituen garaian, eredu berria finkatzen den bitartean. Hor daude Lore, alde batetik, oihanean miliziano, eta Fabi bestetik, hirian bakarrik geratutako andrea zaintzen, hain zuzen Loreren amama. Beste bi atalak Costa Alegren daude kokatuta, balizko inbasioa abia daitekeen auzoko herrialdean. Hor batzen dira iraultzan fede osoa duten gazte anarkista batzuk eta, istripuz, Agus, Loreren lehengusua, ikusle ia mutua dirudiena. Eta hor bizi da Jacinto ere, Loreren osaba, iraultzak porrot egitearekin eta bere sorterrira itzultzearekin ametsetan. Atal bakoitzak bere barne logika eta estiloa baditu ere, batzuei eta besteei gertatzen zaizkienak dirudiena baino lotura estuagoa dute.
Bahiketa nobelan bezala, dialektikak pisu handia du, nahiz eta gizarte eredu baten egiturak eta dinamikek tarte zabalagoa hartzen duten. Nola azaldu utopia horren zimenduak, guretik hain desberdin izanda?
Hori zen asmo nagusia, nobelaz nobela holako gizarte baten egunerokotasuna, bertan hazitako jendearen zentzu komun berria, natural bihurtzea. Egungo ereduan naturaltzat jotzen ditugun gauza gehienek ez baitute ezer naturaletik, naturalizatutako izugarrikeriak dira. Zelan ez lirateke natural bihurtuko gizateriaren historian luzaroan guztiz errotuta egon diren harreman ereduak? Hor garrantzi handia du Ameriketako herri indigena batzuen ondareak. Erronka bat da horizontaltasuna eguneroko ogia luketen zentzu komunak imajinatzea eta giza harremanak haien begietatik ikustea. Ursula K. Le Guin ere inspirazio handia izan da, noski.
Elkarrizketa: Garazi Arrula Ruiz
Egilearen liburuak
Erlazionatutako edukiak
'Bahiketa': ibilitakoen bila
2020.09. 2
Asel Luzarraga: "Bahitzeko modu asko dago, eta haietako bat txantaje emozionala da"
2020.09.24
Has gaitezen irudikatzen
2022.06. 1
Iruzkinak 0 iruzkin