Deus ahaztekorik ez
Pasa den abuztuan zendu zen Joan Mari Torrealdai, eta agur hitz batzuk utzi zituen idatzita:
«Bakean joan naiz, familiaz inguratua, bizitzak eman didan guztiari eskertua. Harro nago eraiki dudanaz». Eta, egiaz, harro egotekoa da. Kulturaren eta herriaren alde egindako lana neurgabea da, betiere euskararen normalizazioa zuela bide eta helburu. Beste argitaletxeek bezala, Txalapartan urtero-urtero jasotzen genuen Jakinetik bidaltzen zigun mezua, euskal liburugintzaren urteroko ikerketa egiteko datuak berrikusi genitzan.
Deus gutxi osatu behar izaten genuen, gehiena txukun bildua izaten baitzuen. Beti tresnak ematen, zorrotz, handik abiatzeko lur emankorra. Aldizkari honen editorialean aipatu dugu talde-lana, eta hain zuzen Joan Marik gaitasun handia zuen elkarlanean aritzeko, egiturak eta baliabide herrikoiak sortu eta garatzeko. Profesionaltasun militantea zen berea, etengabeko autokritika eta eraberritze batean; ia bukaerara arte lan egitera eraman zuen herri honekiko konpromisoak, eta borroka beragatik epaitu eta torturatu zuten. «Ez ahaztu», izan zen Egunkaria auziaren bukaeran bidali zuen mezua; ez ahaztu herriari, kulturari, euskaldunon buru-gorputzei egin dieten zauria, ez ahaztu suntsitutako material eta artxibategi osoa, ez ahaztu zer dugun irabazteko.
«Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz». Gu ere eskertuta gaituzu, Joan Mari, eta egon ziur ahazturaren kontrako eta herrigintzaren aldeko borroka horretan jarraituko dugula, zeure ereduari jarraikiz.
Azken berriak
De la oligarquía vizcaina al caso Villarejo: la crónica negra del BBVA
2020.06.15
Salbuespenezko egoeretarako, salbuespenezko erantzunak
2020.06.29
Ikusi duzu Elefante? Ezkutaketan jolastearen plazera
2020.07. 6
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Iruzkinak 0 iruzkin