Emakumeen balentriak dosi txikitan | Mikel Vilches
Eduardo Galeano desjabetuen historiaren kontalaritzat har daiteke. Oraingoan bi aldiz ezabatutako horien ahotsa dakar, emakumeak baitira kontakizun bilduma honen muin eta bizkarrezurra. Batetik, jardun publikoa egin duten emakumeak jasotzen dira liburuan, Rosa Luxemburg, Rigoberta Menchu eta Frida Kahlo esaterako; bestetik, mundu osoko hainbat emakume ezezagunen iraultzak eta balentriak. Mikel Vilches itzultzaileak artikulo honetan dioenez, "perla txikiz osaturiko mosaiko koloretsu bat da" liburu hau.
Emakumeak, Eduardo Galeanoren azken liburua, idazle uruguaitarrak bere bizitzan zehar emakumeei buruz idatzitako artikulu eta kontakizunen antologia bat da, idazleak berak xehetasun handiz aukeratu eta apailatua bere bizitzako azken hilabeteetan. 201Seko apirilean argitaratu zen, Galeano hil eta bi aste eskasera, eta hasiera-hasieratik sekulako arrakasta lortu zuen irakurle eta kritikarien aldetik.
Funtsean, hauxe da liburuaren tesi nagusia, Galeanok berak bildumako atal batean adierazitakoa abiapuntu harturik: «Munduan ez dago tradizio kultural bat ere justifikatzen ez duenik gizonezkoek armen eta hitzaren gainean duten monopolioa, ez eta herri tradizio bat ere emakumearenganako gaitzespena betikotzen ez duena edo emakumea arriskutzat hartzen ez duena». Horregatik, idazleak gorazarre egin nahi izan die ohitura patriarkal eta matxista horien aurka historian zehar altxatu diren emakumeei.
Hala, alde batetik, denontzat ezagun diren emakume unibertsalen bizipenak jasotzen dira liburuan (Kleopatra, Urraka erregina, Marie Curie, Frida Kahlo, lsadora Duncan, Eva Peron, Rigoberta Menchu... ), eta, horiekin batera, mundu osoko hainbat emakume anonimoren borroka eta balentriak. Horri esker, esate baterako, Rosa Maria da Vera Cruz ezagutzeko aukera izanen dugu, Brasilen alfabetatutako lehenengo emakume beltza; Josephine Baker bedette ausartaren gorabeherak Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan barna; Manuela Leen Ekuadorko iraultzailea; Victoria Kent Espainiako Errepublika garaiko diputatua; Mexikoko iraultzan parte hartu zuten emakumeak; Aixa, Mahomaren emazteetan gazteena; Myrna Mack Guatemalako kazetaria...
Baina horietako kontakizun bakoitza, aldi berean, ate ireki bat da, gonbit ezin erakargarriagoa emakume horien bizitzetan eta kontatzen diren gertaeretan sakontzeko; eta, hala, ez litzateke batere arraroa izanen irakurleak, konparazio batera, Aspasia Miletokoak Periklesen garaian izandako eragin itzelaren zergatien bila jo nahi izatea, jakinminaren jakinminez, edo Fatima Mernissi Marokoko idazle konprometituaren bibliografiaren bila, hurrengo irakurgaien zerrenda amaigabean sartzeko.
Liburuaren estiloari dagokionez, irakurleak Eduardo Galeanoren ohiko ezaugarriak aurkituko ditu bilduman. Kontakizun labur-laburrak dira (orri bete ingurukoak, gehienak), zuzenak eta zehatzak, non hitz bat ere ez dagoen sobera. Askotan, esaldi sendo eta erabateko bat dute bukaeran, inoiz ere aforismo moduan emana, irakurlea aztoratu, eta pentsakor utziko duena. Beste batzuetan, paradoxak eta ironiak erabiltzen ditu kontakizunari bukaera emateko, irakurritakoaren gainean gogoeta egin dezagun hurrengo atalera igaro baino lehen.
Laburbilduz, Eduardo Galeanok utzi zigun azken liburu hau askotariko perla txikiz osaturiko mosaiko koloretsu bat da, gaztelaniaz irakurri nuenean halako mundu zabala eta aberatsa ireki zidana, non euskarara ekartzea erabaki bainuen, bilduman jasotako emakume horien guztien balentria gogoangarriak gure hizkuntzaren bidez ere ezagutuak izan daitezen.
Mikel Vilches, Emakumeak liburuaren itzultzailea
Eduardo Galeano, beste horien kontalaria
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
Memorias del calabozo: prólogo de Eduardo Galeano
2017.11.22
Barrutik kanporako leihoa: bere alabarentzat 'Espejos' euskaratu nahi zuen preso politikoaren historia
2018.04.13
Eduardo Galeano, beste horien kontalaria
2019.11. 6
Iruzkinak 0 iruzkin