Harkaitz Canoren mecanografiak
Julio Cortazarren hileta, Cesare Pavesek poker karta batean idatzitako azken poema, olinpiadetan pertika jauzilariaren zain dagoen euskal presoaren bikotekidea, Raymond Carver Bilboko errabaletan, Niagarako ur-jauzia gurutzatu nahi zuen ekilibrista kanadiarra, Txerrenen exekuzioa Samarkandan, Varsoviako Santa Cruz elizan Chopinen bihotz taupadak, Margaret Astorren heziketa jibaroa... hona Irati Jimenez idazleak Harkaitz Canoren ipuingintzatik hautatutako ipuinetan aurkituko ditugun pasadizoetako batzuk. Mundakarrak dioen bezala, “literatura errealitatez elikatzeko sistema ugari daude eta Harkaitz Canorena tipula azalez osaturiko bihotz kuantiko baten antzera mugitzen da: errealitatearen errebaletara abiatzen denean, literaturaren taupada aurkitzen du”.
Tipula azalez osaturiko bihotz kuantiko bat
Idaztera eseri nahi duenak lehenik eta behin bizitzeko zutitu behar du. Hori dio, behintzat, idazleei behin eta berriz ematen zaigun gomendioak. Paperera bizitza ekarri behar dela, alegia, literaturak egiaren arnasa izan dezan. Baina literatura errealitatez elikatzeko sistema ugari daude eta Harkaitz Canorena tipula azalez osaturiko bihotz kuantiko baten antzera mugitzen da: errealitatearen errebaletara abiatzen denean, literaturaren taupada aurkitzen du. Eta literaturari barrenak atera nahi dizkionean, meta-ariketa horiek bizitzaren emoziorik autentikoenetara eramaten du. Joko hori behin eta berriz errepikatzen da Mecanografiak libururako aukeratutako narrazioetan.
Modu apetatsuan nahastu ditut, kronologiari arretarik jarri gabe, irakurlearen gozamena helburu jarrita. Benetako pertsonaien biografia faltsuak aurkituko ditu irakurleak, existitzen diren lekuetara egin gabeko bidaien kronikak, modu errealistan idatzitako narrazio fantastikoak eta errealistak izanik ezinezkotasunaren oihartzuna duten ipuin onirikoak. Tartean daude euskaraz inoiz argitaratu gabeak zein beste idazle batzuekin lan kolektiboetarako idatzitakoak. Batzuetan Harkaitz Cano gazte baten oparotasun literario ia delirantea ageri da; beste batzuetan, gure gizartearen iluntasunari orriaren ahoarekin ebakia egin nahi dion kronista. Denetan aurkituko du irakurleak euskal literaturak daukan idazle osoenetariko, oparoenetariko eta trebeenetariko baten oparia. Literaturan bizitza bat aurkitu duen artista eta bizitzan, literatura asko.
Irati Jimenez
Harkaitz Canok benetako trebetasuna dauka oso sinpleak diruditen osagaien bidez istorio erakargarriak kontatzeko. (...) Canok badaki edozein gertaera, edozein keinuren atzean unibertso osoa laburbil daitekeela, eta hori islatzen du bere ipuinetan.
Javier Rojo
Eskularru pare batek, gizon baten traza minimoak, karruselak, paisaia desolatu batek… edozein gauzak eskaintzen dio Canori haritik tiraka hasi eta inora ez doan ipuin magiko bat idazteko lehen puntua.
Igor Estankona
Ipuin batek ez ditu gauzak esan behar, ezta izendatu ere, erakutsi baizik. Harkaitz Canok egiten duena.
Felipe Juaristi
Agian hau esatea boutade bat da, baina literaturaren (oro har artearen) eta bizitzaren arteko harremana arakatzea, hari horiekin jolas egitea izan da eta da Harkaitz Canoren literaturaren oinarri eta funts nagusietakoa.
Ibon Egaña
Iruzkinak 0 iruzkin