Komunismoa ala barbarismoa | Slavoj Žižeken 'IZUrriA!' liburuaren aurrerapena
Larrialdi egoeratan ohi denez, ziurgabetasuna nagusitu da eta galderak biderkatu zaizkigu; argitaldarion arduretako bat aldaketak ulertzeko tresnak ematea dela sinetsita, erantzunak bilatzen saiatu gara, edo, erantzunik ez denean, galdera egokiak planteatzen. Asko dira beren irakurketa plazaratu duten aditu eta arituak, nor bere alorretik, eta horietako bat ekarri nahi izan dugu gure katalogora, eskuetan analisi zorrotz bat dakarrela: Slavoj Žižek eta 'IZUrriA!' saiakera laburra. Aurrerapen gisa, hemen azpian liburuaren atal bat irakurri dezakezu, Danele Sarriugarteren itzulpenean.
Lasai hartu, eta izutu! • Slavoj Žižek
Komunikabideetan, etengabe esaten digute «ez izutzeko», eta segidan kontatzen dizkigute, aldiz, izua besterik sor ez dezaketen albisteak. Egoera honek akordura dakarkit, gaztetan, herrialde komunista batean bizi nintzenean gertatu ohi zen gauza bat: tartean-tartean, gobernuko ofizialek ziurtatzen ziguten ez zegoela izutzeko arrazoirik batere. Guk denok, berriz, ofizialak berak izututa zeudela adierazten zuen froga garbitzat hartzen genituen haien hitzak.
Izuak badu bere logika propioa. Erresuma Batuan, koronabirusak sortutako izualdian, komuneko papera dendetatik desagertu izanak burura ekarri dit nire gaztaroko Jugoslavia komunistan produktu horren harira suertatu zen gorabehera bitxi bat. Bat-batean, zurrumurru bat zabaldu zen: ez zegoela nahikoa komuneko paper. Agintariek berehala ezeztatu zuten zurrumurrua, eta jakinarazi zuten komuneko papera egon bazegoela, erabilera normala asetzeko beste. Harrigarriro, hori egia izateaz gainera, jende gehienak sinetsi egin zuen hori egia zela. Kontsumitzaile arruntak, alabaina, arrazoiketa hau garatu zuen: badakit behar adina komuneko paper dagoela eta zurrumurrua gezurra dela, baina zer gertatuko da baldin eta batzuek, zurrumurrua egiazkotzat jo, eta, ikaratuta, gehiegi erosten badute eta alerik gabe geratzen bagara benetan?
Bada, hala izanez gero, hobe dut nik neuk ere komuneko papera pilatu. Zurrumurrua egia dela inork sinesten ez badu ere, emaitza bera izango da, aski izango baita batzuek zurrumurrua sinetsi dutela uste izatea, eta dendetan, azkenean, ez da komuneko paperik batere geldituko. Gaur egun ez al da horrelako zerbait gertatzen ari Erresuma Batuan eta Kalifornian?
Gehiegizko izu horrek badu ifrentzurik, izan ere, hainbat egoeratan, nahiz eta beldurtzeko hamaika arrazoi izan, ez baitugu zirkinik egin. Azken urteotan, SARS eta ebola epidemien ondoren, sarri-sarri esan digute beste epidemia askoz handiago bat agertuko zela lehenago edo beranduago; ez zela balizko aukera bat, ezpada denbora-kontua. Aurreikuspen gordin horiek benetakoak zirela jakin arren, ez genituen serio hartu, eta errezeloak izan genituen lanari ekiteko eta gauzak prestatzeko. Soilik film apokaliptikoetan –Contagion eta gisakoak– heldu genion gaiari.
IZUrriA! (Pandemic)
Slavoj Žižek Imanol Galfarsoro Danele Sarriugarte Mochales
Argitaletxea Txalaparta
Kontraste horrek erakusten digu izua ez dela zinezko mehatxu bati aurre egiteko modu aproposa. Izutzen garenean, ez dugu mehatxua seriotasunez hartzen, arinkeriaz baizik. Pentsa, bestela, zer gauza irrigarria den, pandemia hilgarri baten erdian, nahikoa komuneko paper edukitzeaz larritzea. Beraz, zein izango litzateke erreakzio egokia koronabirusaren aurrean? Zer ikasi behar genuke, eta zer egin, hari ganoraz aurre egiteko?
Iradoki nuenean koronabirusaren epidemiak komunismoa biziberritu zezakeela, irrigarritzat jo zituzten nire esanak, espero izatekoa zen bezala. Badirudi ondo funtzionatu duela Txinako estatuak krisiari heldu dion era indartsuak edo, gutxienez, Italian baino hobeto joan zaiela; edonola ere, agerian geratu dira agintari komunisten logika autoritario zaharren mugak. Esate baterako, agintariei (eta publikoari) albiste txarrak emateko ikara hain zen handia, ezen emaitza errealak gainditu baitzituen, eta horrexegatik atxilotu zituzten birus berri bat zegoela jakinarazi zuten lehen pertsonak. Bestalde, zenbait artikuluk diotenez, antzeko fenomenoak gertatzen ari dira epidemia moteltze-bidean dagoen honetan ere
Koronabirusak ekarritako itxialdiaren ostean, Txina berriro martxan jarrarazteko presioak tentazio zahar bat berpiztu du: datuak manipulatzeko tentazioa, ofizial zaharrei ikusi nahi dutena erakusteko xedez. Adibidez, Zhejiang probintzian –ekialdeko kostan dagoen industriagune bat–, elektrizitatearen kontsumoa erabili dute asmo horrekin. Probintziako hiru hiritan behintzat, eta betiere gaia ezagutzen duen jendearen arabera, bertako lantegiei agindu diete elektrizitate-kopuru jakin bat kontsumitzeko, zeren, gero, datu horiek baliatzen baitituzte ekoizpena abian dagoela erakuste aldera. Horren ondorioz, lantegi batzuetan, piztuta omen daude makinak, lantegiak berak hutsik egon arren.
Aise asma dezakegu, bestalde, zer gertatuko den agintariek iruzurraren berri izaten dutenean: sabotajea egin izana leporatuko diete lantegietako kudeatzaileei, gogor zigortuko dituzte, eta mesfidantzaren gurpil zoroa erreproduzituko dute horrela. Julian Assange txinatar bat behar dugu, bistaratu dezan zer gordetzen den Txinak epidemiari eman dion erantzunaren azpian. Baina, ez baldin banaiz ari harako komunismo hartaz, zer esan nahi dut komunismoaz ari naizenean? Bada, hori argitzeko, OMEren adierazpen publikoak irakurtzea besterik ez dago. Hona hemen duela gutxi agertutako bat:
Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko buruak ostegunean esan zuenez, mundu osoko herrialdeetako osasun publikoaren agintariak gai izan arren birusaren hedapenari taxuz kontra egiteko, erakundea kezketan dago, zenbait herrialderen konpromiso politikoa ez datorrelako bat mehatxuaren neurriarekin. «Hau ez da simulazio bat. Hau ez da amore emateko garaia. Hau ez da aitzakiak aletzeko garaia. Balazta guztiak sakatzeko garaia da. Herrialdeek hainbat hamarkada pasa dituzte halako egoeretarako prestatzen. Orain, plan horien arabera ekiteko garaia da», esan zuen Tedrosek. «Epidemia honi atzera eginaraz diezaiokegu, baina, horretarako, bide bakarra dago: gobernuaren makinaria osoa hartuko duen erantzun koordinatu eta integrala».
Bestalde, halako erantzun bat sortzeko, premiazkoak lirateke, gobernu indibidualen makinaria osoez gainera, herritarren mobilizazioa –tokian toki eta estatuaren kontroletik at antolatua–, eta herrialdeen arteko koordinazio eta lankidetza indartsu eta eraginkorra. Baldin eta, ospitaleetan, milaka pertsona badaude arnasa hartzeko arazoekin, bada, orduan, arnasketa-makina mordo baten beharra izango da, eta, horiek eskuratzeko, estatuek zuzenean esku hartu behar lukete, gerra-garaian milaka arma behar direnean egiten duten bezalaxe. Halaber, estatuek saiatu behar lukete beste estatu batzuekin batera lan egiten. Elkarri informazioa eman eta planak goitik behera koordinatu behar lituzkete, kanpaina militarretan egiten den eran. Horrexetaz ari naiz gaur egun «komunismoa» behar dugula esaten dudanean, eta bat nator Will Huttonen azalpenarekin: «Ez da dudarik: araurik gabeko merkatu librean oinarritzen den globalizazioa, krisiak eta izurriak sortzeko joera duena, hilzorian dago. Jaiotzear da, ordea, bestelako globalizazio-modu bat, interdependentzian eta frogetan oinarritutako ekintza kolektiboa aitortzen duena».
Oraingoz, herrialde bakoitzak bere buruaren alde egiteko jarrera gailendu da: «Zenbait tokitan debeku nazionalak ezarri dira ez daitezen premiazko produktuak –hala nola hornigai medikoak– esportatu, eta beste herrialde batzuek, ostera, zenbait produkturen eskasiaren eta ausazko nahaspilaren erdian, ez dute asmatzen krisiaren neurria behar moduan aztertzen, epidemiari eusteko ahalegin primitiboetatik harago».
Koronabirusaren epidemiak agerian utzi ditu merkatu-globalizazioaren mugak eta orobat estatuen subiranotasun erabatekoan tematzen den populismo nazionalistarenak: amaitu da «Lehenik, Amerika (edo dena delakoa)!» diotenen garaia, Amerika ez baita salbatuko koordinazio eta lankidetza globalik gabe. Ez naiz utopiaz ari, ez dut herrien arteko elkartasun idealizatu bat aldarrikatzen; kontrara, iruditzen zait ezen, gaur egungo krisiak argi frogatu duenez, elkartasun eta kooperazio globalak denoi egingo digula mesede, eta, are gehiago, elkartasun eta kooperazio globala dela, arrazoiz eta geurekoitasunez, bultza dezakegun egitasmo bakarra. Koronabirusetik harago ere, duela hilabete batzuk, A gripearen agerraldi bat izan zen Txinan bertan, eta orain, berriz, otien inbasio baten mehatxupean daude.
Gainera, Owen Jonesek aipatu zuen moduan , klimaren krisiak askoz jende gehiago hiltzen du koronabirusak baino, eta hala ere gai horren harira ez da izu-arrastorik piztu.
Ikuspuntu ziniko eta bitalista batetik begiratuz gero, koronabirusa infekzio onuragarritzat hartzeko tentazioa senti lezake batek, hari esker gizateria libratu egingo bailitzateke jende zaharraz, jende ahulaz eta gaixo dauden pertsonez, eta munduko osasunari lagunduko bailioke, belar erdi-ustelak errotik ateratzen direnean bezalaxe, landare gazte eta osasuntsuak haz daitezen. Aldarrikatzen ari naizen ikuspegi komunista zabalaz aparte, ez dago beste modurik gisa horretako jarrera primitiboak atzean uzteko. Eztabaidetan, jadanik agertuak dira elkartasun baldintzarik gabea murrizten ari dela erakusten duten zantzuak; esaterako, artikulu honetan berean azaltzen da zer-nolako zeregina beteko luketen «hiru gizon jakintsuek», epidemiak okerrera egingo balu Erresuma Batuan:
Zenbait sendagile adituk ohartarazi dutenez, baldin eta Britainia Handian koronabirusaren agerraldia larriagotzen bada eta NHS Osasun Zerbitzu Nazionaleko zaintza intentsiboko unitateak ezinean badabiltza, baliteke paziente batzuei larrialdizko zainketa ukatzea. «“Hiru gizon jakintsuak” deritzon protokoloari jarraituz, hiru aholkulari adituk erabaki beharko lukete, ospitale bakoitzean, nola banatu arnasgailuak eta oheak, erietxeek gainezka eginez gero».
Eta zer irizpide erabiliko dute, bada, «hiru gizon jakintsuek»? Ahulenak eta zaharrenak sakrifikatzeko irizpidea? Eta egoera horrek ez al du, bada, iruzurra barra-barra egiteko bidea zabalduko? Era horretako prozedurek ez al dute adierazten gure burua prestatzen ari garela, zertarako-eta indartsuenen biziraupena sustatzen duen logika guztiz krudela gauzatzeko? Horrenbestez, berriro ere hautatu beharra dugu: barbarismoa ezarri, ala komunismoa aldez edo moldez berrasmatu.
Slavoj Žižek, IZUrriA! liburutik ekarria.
Adi: liburu gomendatu berezia, uztailaren 10a baino lehen aldatu beharrekoa
COVID-19ak sortu duen egoera ez-ohikoa dela eta, liburu gomendatuen artean sartu dugu hau ere, euskarazko bilduman. Alde batetik gaurkotasun handiko lana da, eta, dudarik gabe, interesgarria gure harpidedun askorentzat. Bestetik, Txalapartari laguntzeko modu bat da, argitaletxeen munduarentzat bereziki zailak diren garai hauetan.
Gomendatutako liburu hau uztailean jasoko duzu; aldatu nahi baduzu, edo jaso nahi ez, uztailaren 10a baino lehen jakinarazi telefonoz (948 70 39 34), whatsappez (607 74 75 67) edo email-ez: info@txalaparta.eus.
IZUrriA! (Pandemic)
Slavoj Žižek Imanol Galfarsoro Danele Sarriugarte Mochales
Argitaletxea Txalaparta
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Egilea Txalapartan
Erlazionatutako edukiak
Slavoj Žižek | Venezuela y capitalismo
2016.02. 1
Todo lo que siempre quisiste saber sobre Žižek y nunca te atreviste a preguntarle a Txalaparta
2018.03.21
Lenin 20 liburutan
2024.01.21
Iruzkinak 0 iruzkin