Neskamearen ipuina: liburua vs telesaila (kasu, spoiler!)
2017ko apirilean, AEBko Hulu plataformak The Handmaid’s Tale telesaila estreinatu zuen, Margaret Atwooden izen bereko eleberrian oinarriturik. Harrezkero, hiru denboraldi arrakastatsu egin dituzte distopia itzel eta mingarri honetaz, eta laugarrena bidean da. Autoreak 1985ean irudikatutako horri telebistak eman dio forma, aurpegi eta traza, Bruce Millerrek egindako egokitzapean. Batean zein bestean, terrorezko gizarte matxista bera agertzen zaigu: soineko gorri eta buruko zuria daramatzate neskameek eta beti behera begira dabiltza, identitateaz gabeturik, izenetik beretik hasita. “Telesaila ikusia badut, zer berririk eskainiko dit liburuak?”. Hala pentsatzen duenik bada, adi!
Telesailaren lehen denboraldiak liburuari aski hurbiletik segitzen badio ere, badira, behintzat, 7 ezberdintasun aitorgarri (irakurri liburua eta zuk zeuk bilatu, erantzunak gero ere hemen izanen dira!):
- Protagonistaren egiazko izena ez da esplizituki ematen liburuan, bai, ordea, telesailean;
- Pantailan, protagonista borrokalariago ageri zaigu hasieratik, eta alde horretatik, liburukoa deserosoagoa egiten ahal zaio irakurleari;
- Ikus-entzunezkoan, Komandantearen emaztea gazteagoa eta lirainagoa da, betiere edertasunaren kanon mendebaldarraren arabera;
- Kronologian ere bada aldea, telesailaren lehen ataletan agertzen baita, adibidez, liburuko azken ataletako pasarte zenbait;
- Liburuan, pertsonaiak protagonistaren bitartez iristen zaizkigu, eta telesailak ikuspegi gehiago ematen ditu, protagonistaren galbaherik gabe;
- Eleberrian, zuriak ez diren pertsonak bistatik desagerrarazten ditu erregimen totalitarioak, eta telesailean egon badaude, eta gauza bera gertatzen da heteroak ez direnekin;
- Pertsonaia batzuen garrantzian ere bada aldea: esaterako, protagonistaren amak pisu handiagoa du liburuan, eta senarrak, ordea, telesailean.
Badira gehiago ere, nahiz eta, tentaldian erortzeko arriskua duzuela eta, ez aitortzea hobetsi dugun. Diferentzia horiek aditzera ematen digute zeintzuk diren liburutik ikus-entzunezkora igarotzeko beharrezkotzat jo dituzten moldaketak, izan komertzialagoa egiteko, izan gaurkotzeko, izan kode bisualei egokitzeko. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balioko du, baina hitzak hain ederki josiak daudenean...
Liburuko pasarte bat:
Zaudete lasai, zioten telebistan. Guztia kontrolpean dago.
Aho bete hortz nengoen. Denok geunden berdin, hori badakit. Nekeza zen sinestea. Gobernu osoa, modu horretan desagertua. Nola sartu ziren, nola gertatu zen? Orduantxe eten zuten Konstituzioa. Aldi baterako izango zela esan zuten. Ez zen inolako kale-istilurik egon. Jendea etxean geratzen zen gauetan, telebistari begira, argibideren baten bila. Ez zegoen atzamarraz seinalatu zenezakeen etsairik.
> Ezaguna egiten zaizu?
Txalapartaren beste distopiak
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
Distopia handien hirukia ixten: Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria', euskaraz
2018.12. 3
‘Bai mundu berria’ liburuaz beharbada ez dakizuna, 12 oharretan
2019.01.11
Neskamearen ipuina: seinaleak irakurtzen
2020.10. 1
Iruzkinak 0 iruzkin