Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Populismoaz: inkontziente politiko berri baten bila ·...

Populismoaz: inkontziente politiko berri baten bila · Imanol Galfarsoro

Joseba Gabilondoren Populismoaz liburuaren hitzaurrea, Imanol Galfarsorok idatzia.

Badakigunez, 110 bat urte dela garatu zuen Freudek gizabanakoak elkarren segidan jasandako hiru irain edo umiliazio nagusien ideia. Eta, hala eta guztiz ere, hiru –Freuden hitzetan– «gaixotasun nartzizista» horiek bizirik eta ostikoka diraute gaur egun. Lehen iraina Copernicorekin etorri zen, Lurrak Eguzkiaren inguruan bira egiten duela erakutsi eta gizabanakoa unibertsoko erdigunea zelako ametsa desegin zuenean. Baina lehen ideia hark ez zuen Mendebaleko zein, zehazkiago, Europako gizakidearen loaldia eten, ezta Euskal Herrian ere, oraindik ere maiz Europako (aurre)historiaren eta kulturaren eta, beraz, munduko zein unibertsoko erdigunearen erdigunean kokatzen duguna/digutena apaltasunaren zentzu guzia galduz.

Bigarren, Darwin etorri zen. Gizakia eboluzio hutsaren ondorio dela frogatu, eta beste izaki bizidunekiko nagusitasuna ukatu zuen. Baina, horren guziaren jakinean egonda ere, gizaki europarrak lo jarraitu zuen, lo amesten arrazoimen kontzientziadunaren bidez ez bakarrik hala naturaren nola unibertsoaren jaun eta jabe dela, baizik eta gizakiengan ere badagoela bereizketa oinarrizko bat burutu egin behar dena. Bereizketa horren arabera, arrazoizko izaki europar zibilizatuak bere burua (modernoa, hiritarra, fina…) kokatu zuen erdian, gainontzeko herrialde guziak barbaroak balira bezala deskribatu zituen (basokoak, sineskerietan adituak, bihozkaden menpekoak …), eta, bidenabar, arestian aipaturiko euskal berezitasunari prezioa ezarri zion beraren posizio paradoxal eta anbibalentea azaleratuz: jatorriko europar barbaroarena –ideia horren genealogia, bestalde, Joseba Gabilondok ederki asko azaltzen du beste liburu zinez gomendagarri batean: Before Babel (2015)–. 

Copernicoren eta Darwinen ostean, Freudek berak argitu zigun gizakiak jasan zuen hirugarren umiliazioa; alegia, erakutsi zuen gizakia ez dela bere buruaren jabe, ez dagoela ego (Freud) edo subjektu (Lacan) kartesiar arrazoizko eta bateraturik, eta are gutxiago errealitatearen kontrolean dagoela (aurre)suposatzen duen ego edo subjektu oro jakitunik. Psikoanalisiaren arabera, izan ere, arrazoimen kontzientziadunaren ideia ameskerian eta ilusioan oinarritzen da, egiaz nagusitzen dena inkontzientearen indarra baita, non egoa subjektuaren zati bat besterik ez den eta zeinaren baliabidez inkontziente politiko berri bat ere elika daitekeen. Bermerik gabeko inkontziente politikoa noski, baina euskal berezitasunaren ideia baztertzeko edo barbaro/zibilizatu moduko kategorizazio tinkoen desegituraketa bultzatzeko baliagarria izan daitekeena, besteak beste.

Euskaldun gisa, zer esanik ez, ahalegin desegituratzaileok goraipatu eta laudatu egin beharko genituzke. Baina ez! Aipaturiko gaixotasun nartzisisten deskubrimendutik hona 110 urtetik gora pasatu ondoren, arraroa egiten zait norainokoa den psikoanalisiak euskal intelektualgoan sortzen duen espantua oro har, indiferentzia distantziadunaz mozorrotuta badago ere, eta zein arrotza egiten zaigun, beraz, politikagintzarako giza azterketa tresna gisa. Gauzak horrela, Gabilondoren Populismoaz liburu honek gainditu beharko duen lehen oztopoa psikoanalisiarekiko mesfidantza orokortua izango da. Hori are zailagoa da, agian, irakurlea PNVkoa, EH Bildukoa edo Podemosekoa baldin bada; Gabilondok, hurrenez hurren, psikotiko, fetitxista eta neurotiko gisa izendatzen dituenak eta… Badakik zer, motel? Joan hadi antzarak ferratzera!

Gabilondoren liburua, baina, ez dator bat euskal esaera horrek iradokitzen duen surrealismo ero, alfer eta intelektualki baliogabearekin. Gabilondok mobilizatzen duen psikoanalisiak subkontziente politiko berriak elikatu nahi ditu euskal politikagintzan. Giza patologien tratamenduan aritzeko, garrantzitsuena ez da psikoanalisiaren (ez)gaitasun teorikoa edo klinikoa. Alderantzizkoa da, hau da, psikoanalisiak giza existentziaren dimentsio errotikoenak aurpegiratzera behartzen gaitu gizakide gisa. Psikoanalisiaren helburua, hortaz, ez da gizakidearen gizartean egokitzea, baizik eta nor bere patologiaz jakinaren gainean egotea eta jabetzea. Baina jakinaren gainean egotea ez gero tratamendu egoki baten bidez osatzeko (edo dagoen gizartean integratzeko) eta horrela, demagun, maila indibidualean ongizate emozionala, bizimodu harmoniatsu eta arrakastaduna eta garapen personal orekatua lortzeko (solitarioan jokatzean bere buruari tranpa egin nahi dionarentzat, yoga, pilatesa eta kinoa dietak daude horretarako), baizik eta patologia politikoen –gureak barne– jakinaren gainean egonda (gure) desira politiko kolektiboen oinarriko koordenatu, inpase, paradoxa eta hutsuneekin bizitzen ikasteko, eta inperfekzio horietatik abiatzeko eraldaketa politikoaren bidean, zeina, zalantzarik gabe, kontradikzio amaigabez beteta egongo baita.

Gabilondok, laburtuz, ez digu mirarizko sendagairik eskaintzen. Aldiz, zenbait sintoma agerian uzten ditu euskal politikagintza eta, batez ere, euskal independentismoa hobeki jabetu daitezen globalizazio neoliberalak markatzen dituen koordenatu eta baldintzez. Horrela bakarrik izango da estatugintza gauza Euskal Herrian oraindik ere nagusi den estatu-nazio klasiko baina hobetuaren, edo estatu duinaren, fantasia gainditzeko (estatu duinaren nozioa ahula da, Gabilondok dioenez) eta gizarte garaikide honetan ugaritzen diren herritarren desira politikoei zeruertz utopiko erakargarriagoak nahiz eta betiere bermerik gabekoak eskaintzeko.

Nire asmoa, hemen, ez da spoiler bat idaztea, eta, beraz, argudioaren trama teoriko eta historiko guzia irakurlearen atseginerako utziko dut, baita Gabilondok liburu honen gako-hitz nagusia ardatz harturik –populismoa, hain zuzen– egiten duen azterketa zabala eta sakona ere. Ohar bat bakarrik erantsi nahi nuke. «Populismoa» hitza –«nazionalismoa» bezala, bestalde– ahoskatzeak berak oihartzun mingarria eragiten du: eskuin muturreko xenofobia, behe-mailako herritarren antipolitika, eta abar. Ez «maitasuna» bezala, demagun, oso hitz kuttuna izanik beraren izenean egiten diren hilketa ikaragarrienak ere zikintzen ez dituena. Esan gabe doa, Gabilondo hitzen fetitxismotik (edo erreifikaziotik) harago doa, eta ondo asko ulertzen du, Ernesto Laclau-rekin ikasitakoak erabiliz (eta kritikatuz), populismoa ezkerretik ere artikula daitekeela, gaur egun eskuina arrakastatsuagoa bada ere herritarren nahiak eta beldurrak kudeatzen.

Estatua dela-eta, dena den, hitzaurre hau idazteak ematen didan abantailaz baliatuko naiz orain, bukatzeko. Ezin dut PNVren psikosiaz edo Podemosen neurosiaz hitz egin. Alta, EH Bilduren fetitxismoaz esan dezaket zerbait, fetitxe hitza bera ezin daitekeela fetitxizatu besterik ez bada ere. Fetitxe ezagunik badago, takoi luze eta fineko zapata gorriak dira (estatua, gure kasuan),  gero ohiz eta zuzenean zapatak janzten dituen pertsonarekin (emakumearekin) konfunditzen-nahasten eta lotzen-asoziatzen ditugunak. Baina perbertsoak (ni, kasu honetan) ondo aski daki bere fetitxea zapata gorriak direla, ez zapatak janzten dituena, hainbeste ezen ez baita zu bezala ilusioan erortzen; alegia, ez dut uste estatua Angelina Jolie denik; zapata gorriak janzten dituen neurrian, Basajaunekin berarekin ere joango bainaiz, bere txahal lodi, iletsu eta zatarren despit.

Hemen, galderak dira, noski: Estatua subiranotasunik gabe bai (Grezia) ala ez? Edo, estatu duinik ezean, estaturik ez, orduan? Eta ni perbertsoaren erantzuna hasieran aurkeztutako beste ezeztapen fetitxista batekin (Je sais bien… mais quand même) konpontzen da. Gabilondori erantzuna, zentzu horretan, zera da: «Bai, badakit, gaur egun ezer gutxi inporta du zapata gorriak nork janzten dituen, dagoeneko zatartuta eta desitxuratuta baitaude. Baina, hala eta guztiz ere,  sinesten dut estatu benetan (edo erRealki) subiranotasun gutxiko eta inperfektuenak ere gizartean izango duen eragin sinbolikoa horren erabakigarria izango dela Euskal Herrian, eta aske utziko dituen giza imajinario berrien barreiaketa horren aberatsa izango dela, non, gauzak dauden bezala, deabruarekin oheratzea ere merezi duen, betiere zapata gorriak jantzita daramatzan neurrian. Eta ohartu nola, hemen, gutxien inporta zaidana dela jakitea takoiak apurtuta dauzkan ala ez, edo zapaten larrua desjosita eta deskoloretuta dagoen ala ez.

Bai, EH Bilduren edo euskal independentismoaren fetitxismoak itsutu egiten gaitu estatuaren aura erradiatzailearen bitartez, badakit, eta, psikoanalisiaren ikasgai politikorik baldin badago, gune segururik ez dagoela da, hori ere badakit; estatuak, berez, ezer ez duela bermatzen, alegia. Baina, hala eta guztiz ere, benetan sinesten dut Euskal Herrian estatu berri bat eratzeak indar berritzaileak eragiteaz gain beste gaitz zahar batetik libratuko gaituela, behin eta betikoz, Gabilondok, bestalde –eta utz iezadazue hemen propaganda gehiago egiten, merezi du-eta–, beste liburu eder batean (New York-Martutene, 2015) aztertzen duena: XX. mende luzeko galtzailearen logika nartzisistarena, hain zuzen ere.

Estatuarekin, bada, beste gaitz batzuk sortuko dira, eta, guztiz osatzen baino gehiago, kudeatzen (edo tratatzen) ikasi beharko dugu; estatuaren patologiekin bizitzen ikasiz, hain zuzen. Baina iruditzen zait ordaindu behar dugun prezioa merkea dela, konparazioz, estatua lagungarri izango den neurrian iraganeko galtzaileararen arima ederkeriaz elikatutako berezikeriaren amets konpensatzaileak gainditze aldera. Zentzu horretan, euskal independentismoak estatuarekiko duen fetitxismoa kalkulu guziz kontziente eta arrazoizko batean oinarritzen dela ere esan daiteke. Estatugintzak, Euskal Herrian, ez du adierazten beste estatu jada eratuekiko desira bakarrik (nik zu bezalakoa izan nahi dut); era berean, iraganeko esklabo exotiko zoriontsuaren subordinazioa gainditzeko tresnak eskaintzen dizkigu (ni zu bezalakoa izanez gero ez nazazun piztia arraro eta barregarri gisa antzeman).

Ez dago jakiterik ea Gabilondok liburu honetan aztertzen duen populismo berrituaren bidetik sendotuko den Euskal Herriko estatu berri baten eraikitzeko tresneria. Ziur nago, alabaina, irakurle gisa hainbat orientazio aurkituko dituzula, besterik ez bada gauza batez ohartzeko: hemen ez dago inolako inposiblerik; edo, egotekotan –hau nire iritzia da–, gaur egungo globalizazio neoliberal kaotikoaren garaian gauzak daudenetan, PNVren nazio forala edo Podemosen nazioen nazioa inposibleagoak dira (edo artifizio erretorikoagoak) EH Bilduren estatu (independente) duin baten aldeko aldarria eta proiektu pragmatikoa baino.  zeina, onartzen dut, motz gelditzen baita begirada kritikoa, Gabilondorena kasu honetan, beharrezkoa den dimentsio gehienbat utopiar batetik zuzentzen denean.

Esan bezala, azken hori nire iritzia da, nire irakurketa. Orain, zurea egitera gonbidatzen zaitut. Psikotiko, neurotiko edo fetitxista, gozatu ederra hartuko duzu.

Imanol Galfarsoro

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Erlazionatutako artikuluak

«Hasta el siglo XV las mujeres gozaron de una libertad que hoy nos parece asombrosa»

2018.04.26

Retrato en blanco y negro • Prólogo y fotografías del libro 'ETA, una historia en imágenes (1951-1978)'

2018.04.30