Txalapartak ‘La noche de 12 años’ pelikularen aurrestreinaldira gonbidatzen zaitu: asteartean Golem Baiona zineman (Iruñea)
La noche de 12 años pelikulak zinemara ekarri du Memorias del calabozo liburua, Uruguaiko diktadura garaian preso egondako hiru tupamaroren kartzelaldia kontatzen duena, herrialde horretako presidente izandako José “Pepe” Mujica haietako bat zela. Filma Álvaro Brechnerrek zuzendu du, eta Antonio de la Torre eta Chino Darín izan dira aktore nagusiak. Veneziako Mostran eta Zinemaldian parte hartu, eta Uruguain eta Argentinan arrakasta handiaz estreinatu ondoren, gure zinemetara iritsiko da azaroaren 23an. Pelikularen zenbait eszena Nafarroan filmatu ziren, zehazki Iruñean, Ezkabako gotorlekuan eta Bardeako natur parkean.
Tornasol Films ekoiztetxeak eta Txalaparta argitaletxeak pelikularen aurrestreinaldia antolatu dute datorren azaroaren 13an, arratseko 8etan, Golem Baiona zinemetan (Iruñea). Filma ikusi ondoren mahai-inguru bat egongo da, Álvaro Brechner pelikularen zuzendariarekin, Mariela Besuievsky eta Gerardo Herrero ekoizleekin, Danilo Albín (Público.es) kazetari uruguaitarrarekin eta Jon Jimenez Txalapartako editorearekin.
Proiekzioa ez da irekia izango, baina 20 sarrera dauzkagu zuen artean banatzeko.
- Memorias del calabozo liburua gure web orriaren bidez erosten duten lehenbiziko bost pertsonei bina sarrera oparituko dizkiegu.
- Eta hamar sarrera zozketatuko ditugu (bina sarrerako bost sari) aurrestreinaldira joateko eskaera bidaltzen diguten Txalaparta Klubeko kideen artean. Zozketan parte hartzeko, bidali zure datuak promo@txalaparta.eus helbidera azaroaren 9ko 14:00ak baino lehen. Klubeko kide orain egin, eta zure datuak bidaltzen badituzu, parte hartuko duzu zozketan, baina, horretarako, zure datuak aipatu ditugun data eta ordu horiek baino lehen bidali beharko dituzu.
Memorias del calabozo
Eduardo Galeano Mauricio Rosencof Eleuterio Fernández Huidobro
Argitaletxea Txalaparta
José “Pepe” Mujicaren, Mauricio Rosencof-en eta Eleuterio Fernández Huidobroren kartzelaldian inspiratua
1973. urtea. Uruguai diktadura militarraren menpe dago. Udazkeneko gau batean, bederatzi preso tupamaro euren ziegetatik ateratzen dituzte operazio militar sekretu batean. Agindua zehatza da: "ezin izan genituenez hil, erotu ditzagun". Hamarkada luze bat eman zuten presoek ziega txiki batzuetan bakarturik, ia egun osoan burua estalita, lotuta, isilik, funtsezkoena kenduta, jaten apenas, zentzumenak erabat mugaturik.
La noche de 12 años pelikulak preso haietako hiruk jasan zuten konfinamendua du oinarri: José “Pepe” Mujica Uruguaiko aurreko presidenteak, Mauricio Rosencof idazle eta poetak, eta Eleuterio Fernández Huidobro Defentsa ministro ohiak. Rosencofek eta Fernández Huidobrok Memorias del calabozo liburuan jaso zuten beren itxialdia, torturaren gaiaz ezagutzen diren kontakizun ikaragarrienetako bat. Literaturaren klasiko bat da, mundu osoan zabaldua; Txalapartak 1993an argitaratu zuen aurrenekoz, eta 2017an, berriz, bigarren edizio zuzendu eta emendatua, Eduardo Galeanoren hitzaurrearekin.
Irrikaz nago (h)istori(o)a hobeki ezagutzeko.