Xavier Mina hil zutenetik 200 urte betetzen direlarik, Mexikok eta Nafarroak bere oroimena berpiztu dute |
Bi naziok, Euskal Herriak eta Mexikok, Xavier Mina Larrearen fusilamenduaren berrehungarren urteurrena ospatzen dute aurten. Pertsonai berezi eta erakargarri bezain ezezaguna dugu Mina.
Elortzibar eta Orkoiengo udaletxeek, Otanoko Komiteak, Xavier Mina elkarteak eta Mexikoko Antropologia eta Historia Instituto Nazionalaren Ikasketa Zuzendaritzak (INAH) hainbat ekimen bultzatu dituzte urria eta azaroa bitartean. Azaroaren 11an amaiera emango diete ekitaldiei, Otanon, Jesús Nieto eskultoreak eginiko monolitoaren inaugurazioarekin.
Heroi nazionaltzat dute Mexikon Xavier Mina, eta hiri handi guzietan jarri diote, bere omenez, haren izena kaleren bati. Urriaren 12an, Chapultepec-eko Gazteluko Historia Museo Nazionalean (Mexiko Hiria) “Xavier Mina y su incursión a la Nueva España en 1817” jardunaldiak burutu ziren, azaroan Monterrey-ko Historia Museoan errepikatuko dituztelarik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatean “Xavier Mina. América y los procesos de Independencia” hitzaldi-sorta antolatu dute azaroan zehar.
Otanoko euskalduna, 20 urte zituelarik, frantsesen aurka Nafarroa guztia altxatu zuen, “mendira joan” eta “Minarekin joan” sinonimo bihurtzeraino. Labianon atxilo egin zuten eta Frantzian kartzelaratu. Bertatik bueltatu zen absolutismo borbondarraren aurka berriz ere borrokatzera.
Borrokarako grinak Mexikorantz bultzatu zuen, bertako independentziaren alde egitera. Amerikako independentziaren aitatzat hartua, 28 urte zituelarik soldadu espainolek fusilatu zuten. Txalaparta argitaletxeak Martin Luis Guzman mexikarraren biografia Ederra publikatu zuen: Mina el mozo. Héroe de Navarra. Maisutasunez idatzitako errelato historiko honetan, Guzmanek nafar gerrilari handiaren bizitza kontatzen digu, Idozinen igarotako haurtzarotik hasita, Mexikoko heriotzera arte. Honetaz gain, armada frantsesak Nafarroa nola okupatu zuen eta zein eragin izan zuen deskribatzen dizkigu, eta ikasle gazte bat, Mina, inbasoreen aurka nola altxatu zen eta haren atzetik herri oso bat altxarazi zuen ere. Herrikide guztiengan itxaropena piztu zuen, Napoleonek atxilo eraman arte. Erresistentzia-borroka hura, hala ere, amaieraraino eramango zuen haren osaba Francisco Espoz y Minak. Eleberriaren hariak jarraipena izanen du gero Independentzia Gerraren osteko nazioarteko intriga politikoekin, Minak Ingalaterrara egin zuen bidaiarekin, itzulerarekin eta Mexikoko guduarekin.
Iruzkinak 0 iruzkin