Floren Aoiz Monreal
1966 Tafalla (Nafarroa, Euskal Herria)
Jarrai mugimenduan aritu zen lehenik eta beste euskal erakunde politiko batzuetan ondoren; Herri Batasunan, esaterako, mahai nazionalean aritu zen eta Jon Idigorasekin batera bozeramaile, eta parlamentaria izan zen Nafarroan, 1987tik 1997ra. HBko zuzendaritzako kide izateagatik, 7 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen epai hura 1999an, eta aske utzi zuten. Espetxetik atera zenetik, hainbat komunikabidetan analisi politikoa egin izan du, eta, argitaletxe honetan bertan, liburu hauek kaleratu ditu: La vieja herida (2002), El jarrón roto (2005), Más allá de 1512 (2013) eta Tres tristes trileros (2016). Bestalde, ¿Por qué no te callas, Borbón? (2008) liburu kolektiboan parte hartu zuen eta Xabier Makazagaren La red, el tormento en la España constitucional (2008) saiakerari hitzaurrea jarri zion. Memoria historikoarekin eta independentismoarekin lotutako zenbait elkartetan parte hartu du. Gaur egun, Iratzar fundazioaren zuzendaria da, Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea da, Espainiako estatuaren mendeko herrien erakunde subiranisten koordinazioan parte hartzen du eta Gara egunkarian zutabeak idazten ditu.