Afektuen angelu-itsuak
Narraziogintzan abiatu zuen ibilbide literarioa Garazi Arrula tafallarrak, eta bigarren liburuan ere bidezidor beretik egin du aurrera. Lurraz beste narrazio-bilduman beste behin erakutsi du nortasun kontraesankorren zirrikituetan arakatzeko trebetasuna, baita zauri zein zartatze afektiboak deskribatzeko gaitasuna ere. Pertsonaien ezinegon, oinaze edo ezegonkortze afektibo horiek, nolanahi ere, ez dira norabide bakarreko ikuspegi, beste pertsonaia batzuen ikuspegiekin, hitzekin edo isiltasunekin harremanetan eraikitzen dira. Bide horretatik, giza harremanen inkomunikazioak irudikatzen dira maiz, eta nolabait afektuen angelu-itsuak gorpuzten dira.
Zimendu anitz pitzaturik dituzte bilduma honetako pertsonaiek, edo pitzatzear dituzte, afektu-dardaraldi betean direla. Zimendu egonkortzat zituzten horiek zimendu hauskor eta urrakor bilakatu zaizkie, deserrotze-sentimendu kontraesankorrak zeharkatzeraino. Askotariko pitzaduretan arakatzen dute narrazioek: besteak beste, helduleku afektiboetan, senidetasun-harremanetan, bizi-lekuetan, babes-espazioetan, lan-jardunetan gertaturiko pitzadurak irudikatzen dira. Aldaketa biziko gizarte-testuinguru batean kokaturik daude narrazioak, eta halakoetan deserrotzeak eta pitzatzeak aurreikusgarri bezain aurreikusezinak dira. Hain zuzen ere, zimendu aldakorren tolesdura horietan zehar bidaiatzen dute pertsonaiek: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegonak zein arinduak dituzte kontagai. Heldulekuez beste egitearen sentsazioetan arakatzen duen inarrosaldi literarioa.
Lurraz beste Garazi Arrula tafallarren bigarren narrazio-bilduma da, non beste behin erakutsi baitu nortasun kontraesankorren zirrikituetan arakatzeko trebetasuna, baita zauri zein zartatze afektiboak deskribatzeko gaitasuna ere.
Liburuko zortzi kontakizunek badute hari bat: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegonak zein arinduak dituzte kontagai.
Iratxe Retolaza literatur kritikari eta aditua ibili da editore lanetan, lehenago ere aztertua baitzuen autorearen obra literarioa.
Egilea
Garazi Arrula Ruiz. 1987, Tafalla (Nafarroa). Itzulpengintza eta interpretazioa lizentzia ikasi, eta doktoretza tesia aurkeztu zuen autoitzulpenaren arloan. Hainbat kultur egitasmotan eta komunikabidetan parte hartu du, esate batera, Hala Bedin, Berrian, Ahotsenean eta Laban. Haurrentzako eta helduentzako hamarnaka literatura lan ekarri du euskarara; besteak beste, Idea Vilariño, Anaïs Nin, Beatrice Alemagna eta Amélie Nothomben obra bana. Azkena, Sylvia Plathen Beirazko kanpaia eleberria. Sormen-lana itzulpenaz harago garatu du, eta Gu orduko hauek helduentzako ipuin liburua eta Bidean haurrentzako albuma idatzi ditu. Gaur egun editorea ere bada.
Egilearen beste liburu batzuk
Erlazionatutako edukiak
Garazi Arrula: "Txunditu egiten nau batzuetan zer urrun gauden elkarrengandik; hurbilekoekin ere zenbat gauza isiltzen diren; zer oker gauden segurutzat ditugun bestearen kontuez"
2017.11.25
Anaïs Nin: 70 urte ondoren ere, tabuak apurtzen · Garazi Arrula
2018.07.19
Garazi Arrula: «Garaiko genero-arau itogarrien lekukotza dakar liburuak, gainbehera itxuraz intimo bat kontatuz»
2022.03.23
Iruzkinak 0 iruzkin