Euskal Herriaren batasunaren aldeko kantu bat
Espainiako eta Frantziako inperialismoak Euskal Herria herri zapaldua bihurtu dute, herri zatitua, eta, Frantz Fanonen hitzekin, eskizofrenikoa ere bai. Muga batek puskatzen gaitu, hiru administraziok bereizten gaituzte, hiruzpalau bandera nazional desberdin haizatzen ditugu… Ez dakigu zenbat garen, bi, hiru, lau edo zazpi. Horren aurrean, Jose Mari Esparzaren nahia beti izan da Euskal Herriaren batasuna bilatzea: bertako historiarena eta jendearena, kartografiarena edo identitatearena. Zeregin horretan lan bat falta zen, bere bi pasio nagusiak elkartuz -historia eta musika-, kontatzea herri gisa ahots batez kantatu dugun ereserki bakarraren bizitza, Gernikako Arbolarena alegia.
Gernikako arbola da bedeinkatua / euskaldunon artean guztiz maitatua. Mende eta erdiz, gure herrialde osoan kantatu da “Euskal Herriko ereserki nazionala”. Halaxe deitu zion Iturralde Suitek, bertzeak bertze. Jose Mari Esparzak idazlan honetan agerian utzi duenez, mota guzietako jendeak, ideologia guzietakoak, abestu izan du Ebrotik Aturrira, kultura, gizarte eta politikako mota guzietako adierazpenetan.
Eman ta zabal ezazu munduan fruitua. Musika sorlan handietan gertatzen den bezala, Iparragirrek kantatu zuen lehen alditik, zortziko honek berezko bizia hartu zuen, eta Euskal Herriaren askatasunen ereserki bilakatu. Mugak gainditu zituen, gure historian euskaraz gehien zabaldu den testua eta gehien jo eta komentatu den euskal musika izateraino. Idazlan honek Baskonian, euskal diasporan zein literatura unibertsalean gure ereserkiak izan duen ibilbide oparoa erakutsi nahi du.
Adoratzen zaitugu arbola santua. Europar iraultzaileen Askatasun Zuhaitzetatik edanez, 1848ko Pariseko barrikadetan ondu zen; Iparragirre haren egilea jendearen gogoa pizteagatik jazarri zuten, eta boluntario karlista zaharrek beren ereserki bihurtu. Hargatik, liberalek bere egin zuten luze gabe, baita ezkertiarrek geroago eta, azkenik, indenpendentistek ere. Isuri zen odolak aldarrikapenaren epikaz jantzi zuen, eta Gernikaren bonbardaketak sistema totalitarioen kontrako sinbolotzat kontsakratu zuen. Ereserki nazional guti harrotu daitezke munduan horren biografia duin eta zirraragarria izateaz.
Gernikako Arbolaren biografia
Jose Mari Esparza Zabalegi Iñaki Lopez de Luzuriaga
Argitaletxea Txalaparta
Egilea
Jose Mari Esparza (Tafalla, 1951). Altaffaylla elkartearen sortzaileetako bat da, eta haren eskutik argitaratu zituen bere lehenbiziko liburuak, baita horietako bat koordinatu ere: Navarra 1936. De la esperanza al terror (1986). 1988an, Txalaparta argitaletxea zuzentzen hasi zen. Hamabi liburutik gora idatzi ditu, besteak beste: Jotas heréticas de Navarra (1988); ¡Abajo las quintas! (1994); Potosí. Andanzas de un navarro en la Guerra de las Naciones (1995); Historia de Tafalla-Tafallaren Historia (2001); Réquiem para sordos (2004), Cien razones por las que dejé de ser español (2006); Como puta por rastrojo (2009), Tafalla. Historia y fotografía 1867-1930 (2010), Mapas para una nación. Euskal Herria en la cartografía y los testimonios históricos (2011), Euskal Herria. Kartografian eta testigantza historikoetan (2012), Vascosnavarros. Guía de su identidad, lengua y territorialidad (2012), La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardía? (2015), Nuestro pueblo despertará (2016), Tres tristes trileros (2016) y Apología. Memorias de un editor rojo-separatista (2018).
Euskal Herriari buruzko irakurgai gehiago
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Iruzkinak 0 iruzkin