Frakaso baten emaitza | Harkaitz Cano
Elkar taldearen azken aldizkarian, Antzara Eguna komikiaren jatorriaz idazten zuen Harkaitz Canok. Bertan kontatzen zuenez, liburua "frakaso baten emaitza" izan da. Zergatik ba? Ondoko lerroetan irakurri ahal duzue aipaturiko artikulua.
Frakaso baten emaitza da Antzara eguna komikia.
Duela zazpi edo zortzi urte, ekoizle batek Santi Brouardi buruzko luzemetraia baterako gidoia idazteko proposamena luzatu zidan. Jakina den bezala, 1984an tiroz hil zuten Brouard bere kontsultan eta bere heriotzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian. HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra... Nola harrapatu bera bezalako pertsona karismatiko baten ertzak gidoi batean? Kronologia konbentzionalari uko egitea erabaki nuen, istorioa geruzatan banatu eta filmaren egitura “ipuin” modukoetan antolatzea. Horrela, ataletako batean haren pediatria kontsultako giroaren bitartez garaia eta Santiren soslai profesionala eta gizatiarra azalduko ziren, beste batean HASIko bileretako giroa, hirugarren batean hura hiltzeko “enkargua” jaso zutenen prestaketa, etab. Horrek, gainera, istorioari arnasa eman eta pasarte samurragoak tartekatzea ahalmentzen zidala ohartu nintzen.
Politikari buruz erruz –eta jakinaren gainean– hitz egiten zen sasoia izaki, pertsonaiek ere asko hitz egin zezaten nahi nuen; film parlatua egitea zen asmoa. Gurean zinema berbatia komediarekin lotu izan bada ere, inbidia handia eman izan didate beti elkarrizketa mamitsua narrazioaren partetzat konplexurik gabe erabiltzen duten film –demagun– frantses edo latinoamerikarrek, non pertsonaiek eztabaida luze bezain sutsuak izan ditzaketen, hitza munizio zinematografiko bihurtzeari uko egin gabe. Santiren adiskide Javi Pascualen bidez, haren agenda esku artean izateko zortea ere izan nuen. Harri eta zur utzi ninduen agenda barruan, telefono zenbakiez gain, literatur zitak, poema zatiak eta bestelako aipuak gordetzen zituela ikusteak. Inspirazio iturri izan ziren papertxo haiek niretzat, eta hari horretatik tiraka ateratakoak dira komikian aipatzen diren pasarte literario ia guztiak. Agenda hartan, besteak beste, Eva Foresten telefonoa topatu nuen. Hortik abiatuta, Santi Brouardek Teresa Aldamizekin Eva Foresten eta Alfonso Sastreren etxean bizi izandako balizko otordu bat asmatu nuen, sentipena baitut gure zineman ustiatu gabeko zerbait direla Euskal idiosinkrasiako bazkaloste amaiezinak. Baziren, jakina, thriller girora gehiago hurbiltzen ziren beste atal batzuk, tentsio zinematografikoa mantentzea bilatzen zutenak.
Erran gabe doa, enkargua egin zidan ekoizleari ez zitzaion gidoia interesatu. Ezin esan harritu nintzenik, aspaldi jabetuta bainago gure artean ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten gehienen parametroak ez datozela literatur sortzaileon interesekin bat. Zinemarako gidoi frakasatu horren ondoren, garbi ikusi nuen zein zen hurrengo pausoa: pobreon zinema. Alegia, komikia. Gidoi hura kimatu eta egokitu ondoren, Adur Larreak lan bikaina egin du Santi Brouard eta 80ko hamarkadako giro bortitz bezain borborkaria eleberri grafikoaren txuribeltzezko kodeetara ekartzen. Batzuetan, zinez gauza ederra da frakasoa.
Harkaitz Cano
Hiltzaileak Brouardi jarraitzen hasten diren unetik hiltzen duten egunera artekoak kontatzen ditu komikiaren istorio nagusiak, baina politikariaren nortasunaren eta egunerokoaren berri ematen duten bestelako kontakizunak ere txertatu dituzte Canok eta Adurrek komikian. Ematen dute haren jarduera politikoaren berri, azaltzen dute haren pediatra lana, badago haren familia giroaren erretratu bat, eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroken lekukotza ere bai. Horiek, besteak beste.
Iñigo Astiz, Berria
Ez da bereziki testu katramilatua, eta hala ere, Canoren estiloa biltzen du: badago lekurik pertsonaien barne-gogoetak azaleratzeko, lasartearrak hain berea duen estiloa ikusiz horietan. Irudiei dagokienez, zuri-beltzean daude nobela osoan zehar, eta tonu berekoa da azala ere: irakurlearen begietara kontakizunaren iluntasuna nabarmentzeko balio du. Hala ere, trazu leuneko marrazkiak osatu ditu Larreak, eta zuri-beltzen jolasak lanari histasuna ematen badio ere, irudien xumeak ez du monokromiak eragin dezakeen irudien betekada gerta dadin ahalbidetzen”.
Aiora Sampedro, Berria
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
Harkaitz Canoren mecanografiak
2018.09.14
Paul Austerren 'Kristalezko hiria' | Harkaitz Canoren hitzaurrea
2018.08.29
Pediatraren kontsultaren barrenetan
2019.11.18
Iruzkinak 0 iruzkin