Garazi Arrula: «Garaiko genero-arau itogarrien lekukotza dakar liburuak, gainbehera itxuraz intimo bat kontatuz»
Sylvia Plathek eleberri bakarra idatzi zuen bizi zela, kultuzko nobelatzat hartua da ordea. Euskaraz argitaratu berri den honetan, Garazi Arrula itzultzailearekin hitz egin dute Elkar aldizkariaren azken alean.
Itzultzailea izateaz gainera, Txalapartako editorea ere bazara. Azalduko zeniguke nola kokatzen den Beirazko kanpaia argitaletxearen proiektuan?
Batetik, Txalapartak badu euskarara ekarritako titulu andana bat, bereziki narratiban, eta tartean klasikoak; bestetik, azken hamar-hamabost urteetan feminismoaren hamaika ertz argitaratzen ari gara, alorreko eztabaidei gure ekarpena egin nahian. Liburu hau bi ardatz horietan kokatzen da, eta gure katalogoan izan behar genuela iruditzen zitzaigun. Hizkuntza eta literatura normalizatua ez edukitzearen alde onak: halako maistralanak ekartzeko aukera dugu.
Zer kontatzen du eleberriak?
Esther Greenwood protagonista gazteak hilabete pasatuko du New Yorken, moda eta literatur aldizkari batean aritzeko beka bat irabazita. Liburuaren lehen erdian egonaldi horren berri ematen du narratzaileak, emakume gazteen talde baten joan-etorriak: doako festen dirdirazko giro apartsu bat, alderik alde zeharkatzen duten arau sozialak eta genero-rolak lagun. Horretarako, ironia fina eta itxuraz xaloa den kontaera darabil. Bigarren erdian ilunduz joanen da kontakizuna, mundu arin antzeko hori puskatzen doan heinean, eta protagonistak aterabide zaileko gainbehera emozional bati ekinen dio, ospitale psikiatriko batetik bestera eramanen duena. Gainbehera itxuraz pertsonal eta intimo baten kontakizuna, beraz, garaiko gizartearen genero arau itogarrien lekukotza bat da egiaz.
Azpimarragarria iruditzen zait, hain zuzen ere, zer ondo uztartzen diren alderdi historikoak eta pertsonala.
Bai, hori du dohainetako bat, eta oso modu sotilean egiten du gainera. Iñigo Astizek ere horixe azpimarratzen du liburuaz idatzitako testuan (ez alferrik, “Exekuzio publikoak, suizidio intimoak” goiburua jarri zion artikuluari). Eleberria abiatzen da AEBko espetxeetan oraindik indarrean diren exekuzioen aipamen batekin, eta liburu osoan iraunen du esparru pribatuaren eta publikoaren arteko elkarrizketak.
Itzultzeko garaian, zeintzuk izan dira poz eta neke nagusiak?
Pozak eta nekeak eskutik etorri ohi dira maiz itzulpenean. Batetik, Plathek irudi indartsuak darabiltza, xehetasunekin lortzen dituenak. Deskribapen zehatzak egiten ditu, eta elementu mordoa sartzeko gai da esaldi bakarrean, beraz, eraikitzen duen eszena hori xehea da oso. Alde horretatik, buruhausteak eman dizkit itzulpenak. Bestetik, ironia fina darabil, umore garratza kontaketan, eta tonu hori bilatu behar noski. Azkenik, itzulpena baldintzatuko ez badu ere, buruan nerabilen arte konfesionalaren barruan kokatzen dela Plathen obra, eta egileak nobela erdi autobiografikotzat duela.
Liburua 1963an argitaratu zen, «bigarren olatu feministaren garaitsuan», liburuaren kontra-azalean diozuenez. Zertan nabaritzen da giro edo eragin hori liburuan zure ustez?
Adituek diotenez, bigarren olatua XIX. mendearen erdialdetik XX. mendeko erdialdera arteko tartean eman zen. Sufragismoaren printzipioak ezarri ziren, eta emakumeen egoera esklabotzarekin konparatzen zen. Betiere dikotomia baten barruan, emakumezkoak-familia eta gizonezkoak-estatua lotura nagusia irauli nahi izan zuten hainbat feministek. Hortik edan zuen Plath gazteak, eta hala eman bere nobelan: esperientzia pertsonaletik abiatzen da –amatasuna, heriotza, gorputza, eritasuna– gai kolektibo arantzatsuak jorratzeko –eromena, sexua, abortua, suizidioa–.
Era berean, garai hartan feminismoak emakumea bere gorputzaren jabe zela aldarrikatu zuen eta sexu askatasunaren alde egin, eta gorputza oso presente dago hasi eta buka. Nolabait, mugimenduaren subjektua emakumea izan zen (gaur egun oso agerikoa egiten zaiguna, bestalde). Garaiko teoria eta mugimenduarekin dialogo bat sortzen da horrela nobela honetan, eta horregatik jotzen da mugarritzat. Esate batera, dialogo horren erakusle, Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak liburuko esaldi bat ere ageri da (Maialen Berasategik zuzendu du itzulpena, eta hain zuzen bera ohartu zen aipu inplizituaz).
Sylvia Plath
(1932, Boston - 1963, Londres). Zortzi urterekin argitaratu zuen lehen poema, aldizkari batean. Ordutik aurrera, ez zion argitaratzeari utzi, eta sari andana jaso zuen gaztetarik. Bereziki ezaguna da bere obra poetikoa, irudi zorrotz eta bortitzez betea, nahiz eta bizi artean bi liburu baizik ez zituen argitaratu: The Colossus and Other Poems (1960) poema-bilduma eta, ezizenez, The Bell Jar (1963) eleberria hain zuzen. Poesia konfesionala esaten zaion joeraren barrenean kokatzen da, Anne Sexton eta Allen Ginsberg estatubatuarren eta Alda Merini italiarrarekin batera, beste batzuen artean. Idazle izateaz gainera, Cambridgeko unibertsitatean irakasle izan zen, Ted Hugh senar eta poetaren editorea eta bi umeren ama. Hogeita hamar urte zituela, bere buruaz beste egin zuen. 1982an, hil ondorengo Pulitzer saria eman zioten The Collected Poems lanagatik.
Egilearen beste liburu batzuk
Erlazionatutako edukiak
Neskamearen ipuina: seinaleak irakurtzen
2020.10. 1
Hautsi da kanpaia
2022.03. 3
Exekuzio publikoak, suizidio intimoak | Iñigo Astiz
2022.03. 7
Iruzkinak 0 iruzkin