Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Honela saiatu zen sabotatzen Manuel Valls ETAren...

Honela saiatu zen sabotatzen Manuel Valls ETAren armagabetze prozesua

Ciudadanos alderdiak Bartzelonako alkatetzarako aurkeztu duen hautagaiak, Manuel Vallsek, garrantzi handiko karguak izan zituen François Hollande sozialista Frantziako lehendakaria zelarik, ETAk 2011n behin betiko su-etena eman ondoko urteetan. Valls Barne Gaietarako ministro izendatu zuten 2012an, eta lehen ministro 2014an, eta bi kargu horiei esker bere esku zuen erabaki-ahalmen guztiaz ekin zion bake prozesua eta, zehatzago esanda, ETAren armagabetze ahaleginak oztopatzeari. Halaxe kontatzen du Iñaki Egañak Armagabetzea. Euskal bidea izeneko liburuaren kapitulu honetan.

2011ko urriaren 20an, ETAk behin betiko su-etena deklaratu zuen, eta deia luzatu zien Espainiako eta Frantziako gobernuei zuzeneko elkarrizketa prozesuari heltzeko, gatazkaren ondorioei konponbidea bilatzeko xedearekin: presoak, iheslariak, armagabetzea, biktimak… Manuel Vallsek, 2012az geroztik Frantziako Barne Gaietarako ministro zenak, nazioarteko bitartekariei jakinarazi zien ez zuela asmorik ETArekin biltzeko, ez eta komunikazio kanalik jartzeko ere. Zalantzarik ez uzteko, Frantziako Gobernuaren izenean horren berri eman zion, halaber, Henri Dunant Elkarrizketa Humaniotariorako Zentroari, honakoa esanez: "Frantziako Gobernuak ez du ETArekin tratuan hasteko asmorik”.

ETAren hiru ordezkariak Oslon zeudenean, bideratzaileek Frantziako Gobernuaren jarreraren berri eman zieten. Parisek talde txiki bat ezarri zuen ETAren armagabetzearen gaiari eta, oro har, 2011ko urriko adierazpenetik aurrera zabaldutako prozesuari ekiteko. Talde horretan Hollande presidentea eta Manuel Valls Barne-ministroa zeuden, baita inteligentzia-zerbitzuetako kualifikazio handiko zenbait agente ere.

Kanpo Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak (DGSE) harreman berezia zuen Hollande presidentearekin, bertako zuzendariaren bitartez. 2013ko apirilean, Frantziako kanpo-espioitzako zerbitzuen diseinua erabat aldatu zen. Garai hartan zuzendaria aldatu zuten; Erard Corbin zegoen, prefeturak egituratzen lan txalogarria egin zuen barne-funtzionario zaharra eta, haren ordez, adituen hitzetan munduko segurtasunean egondako aldaketarako prestatuen zegoen politikari-koadro bat jarri zuten: Bernard Bajolet.

Bajolet Hollanderekin batera egona zen Aljerian zegoen Frantziako enbaxadan, 1978an. Ordutik maiz egoten ziren eta familia-lagunak ziren. DGSEko zuzendari berriak Frantziako kanpo-lehentasunak aldatu zituen eta jihadismoaren jarraipena bideratu. Izendatua izan aurreko urteetan, Bajolet Frantziak Sirian, Jordanian, Iraken, Bosnian, Aljerian eta Afganistanen zituen enbaxadetan izan zen, eta ezin hobeki hitz egiten zuen arabieraz.

DGSEaren norabide-aldaketak eta jihadismorantz bideratzeak zerbitzu sekretuentzat ETAren gaia bigarren mailakoa izatera pasatzea eragin zuen. Are gehiago, bideratzaileen joan-etorri horietan, Frantziako espioitza-agenteek beren eragin-eremuan jihadistentzako armen hornidura-sarerik ezagutzen ote zuten galdetu zioten etari. Galderak harritu egin zituen euskal militanteak, jihadismoa beren jardueraren guztiz kontrakotzat jotzen baitzuten. Gainera, galdera jaso zuten ETAko kideen ustez (espetxean zeuden horietariko batzuk), frantziarrek ondo baino hobeto jakin behar zuten nola armatu zen euskal erakundea bere historian, sare ezezagun horietatik urrun. 2016ko martxoan, ETAk Bruselan gertatutako isisen atentatuak gaitzetsi zituen. Publikoki egin zuen, Aberri Eguna zela-eta zabaldutako komunikatu batean.

Bideratzaileen arabera, Frantziako Gobernua eszeptikoen eta pragmatikoen artean banatuta zegoen. Lehenengoentzat, ETAk zenbait pauso eman zitzakeen amu modura erabiltzeko eta Frantziako Gobernua erakundearekin negoziatzen hasi zela esateko. Talde horrek, Manuel Valls ageriko buru zuela, adierazi zuen hori gertatuz gero hondamendia izango zela Espainiaren eta Frantziaren arteko harremanetarako.

Pragmatikoen taldeak, aldiz, uste zuen ETAk pauso erabakigarriak eman beharko zituela armagabetzean. «Proposamen serioa» zen, eta «arrazoi praktikoak zirela-eta», armamentuarentzat irtenbideren bat aztertu beharko zuten erakunde armatuarekin, merkatu beltzean ez amaitzeko, adibidez.

2012ko otsailean, ETAk lau ataleko gutun bat bidali zion orduan Frantziako presidente zen Nicolas Sarkozyri, helburu batekin: «Frantziako Gobernuarekin zuzeneko komunikazio-kanal iraunkorra zabaltzea, alde batera utzita egoeraren araberako aldaketak». ETAk antzeko gutuna bidali zion Rajoyri, lau puntu horiekin, eta bosgarren batekin: «Badakigu orain arte egindako gestioen, aurreko Gobernuak hartutako konpromisoen eta egungo egoeraren berri duzula».

Solaskide taldea osatzeko eta bideratzaileen gomendioari jarraikiz, euskal erakundeak hirugarren gutun bat bidali zuen, oraingoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Patxi Lopezi:

Urtebete igaro da PSOEk zuzentzen zuen Espainiako Gobernuak gatazkaren konponbideari bere osotasunean, ondorioei zein gatazkaren arrazoi politikoei, ekiteko borondatea zuela esan zigunetik. ETAk behin betiko su-etena iragartzea jartzen zuen horretarako baldintza bakarra. Gerora, jakin badakizunez, Espainiako Gobernuak konpromiso zehatzak hartu zituen ETAren eta nazioarteko eragile esanguratsuen aurrean.

2012ko urrian, euskal erakunde armatuak beste gutun bat idatzi zuen, zehaztasun gehiagoz, oraingoan Hollanderi, hots, Sarkozyrekin amaitu zuten hauteskundeen ondoren Errepublikako presidente zenari. ETAren ustez, Parisek proposatzen zituen elkarrizketa horien gai-zerrendak bi puntu jaso behar zituen: preso eta erbesteratuak eta «armagabetzea eta ETAren egitura armatuen desegitea, eta militanteen desmobilizazioa».

Gauzak aldatzen joan ziren, bideratzaileen bidez heltzen zitzaizkien frantziarren mezuen anbiguotasunetik, Espainiak sustatutako blokeoa Frantziara ere igaro zenaren egiaztapenera. ETAk hein batean bi taldeak balioesten zituen, hala eszeptikoena nola pragmatikoena, eta adierazi zuen gogorrenen aurkako erasotzat hartuko ez ziren pausoak eman behar zituztela. Halaber, bazekien sektore gogor horiek beti egongo zirela hor, eta aitzakia modura erabil zitzaketela balizko elkarrizketa baten aurrean Frantziako Gobernuaren jarrera indartzeko.

Hollandek bideratzaileekin izandako hasierako saio horretan, ez zirudien ateak guztiz itxita zeudenik. Egoera zehazki ezagutzen ez zuenez, eta hipotesiez soilik baliatzen zen. Frantziak berezko profila har zezakeen, baina ez Madrildik urrun, jakina, edo, bestela, Espainiarekin guztiz bat etorriko zen blokeoan.

Saioak hainbat hilabete iraun zuen. Une batean etak beste hipotesi bat zabaldu zuen: Frantziako Gobernua Espainiako Gobernuaren aurrelari-taldea zela. Hipotesi iragankorra izan zen, ETAren ordezkariek Norvegian, urte amaieran, izandako bisitak iradokia. Espainiako Barne-ministroaren mandatariaren bisita hark ez zuen ibilbide gehiagorik izan.

Norvegia bitartekotza egiten saiatu zen desadostasun horretan eta Madrilek eta Parisek elkarrizketei atea irekitzeko zuten interes faltan. Saiakera horren eta Hollanderen mugimenduren baten eraginez, ETAren aurka Pauen zegoen dibisioaren buru Laurent Hury eta Manuel Valls «belatzen» diskrezioa apurtu zen. Manuel Vallsek presidentea bera mehatxatu zuen, eta ETArekin negoziatzeagatik publikoki salatuko zuela esan zion. Halaber, Laurent Hury etaren aurkako hainbat epaiketatan egon zen Parisen, eta Espainiako ultraeskuineko taldeen ohiko argudio sorta bota zuen: ETAren amaiera «su-eten tranpa» zela, ETAk oraindik ere komandoak prestatzen eta trebatzen zituela... Hau da, Espainiako Estatuan ultraeskuineko taldeek soilik zabaltzen zituzten argudioak.

ETAk Frantziarekiko egoera berriari buruzko irakurketa lasaia egin zuen, eta barne mailan adierazi zuen Parisen proposamena oraindik ere funtsezkoa zela prozesurako, Vallsen tesiaren garaipenarekin sortutako barne-borroka gorabehera. Uste zuen beharrezkoak zirela ausardia eta erabakitasuna beren proposamenetan, eta adierazi zuen eredu bat bilatuko zutela Vallsen hordagoaren aurretik Frantziak «pauso historikoa» emateari buruz egindako eskaerari erantzuteko. Horretarako, bere buruari zera exijitu zion: benetako hipotesiekin lan egitea eta epe motzetik harago pentsatzea. Hala ere, errealismo-murgilketa horretan, ETAren lehentasuna agerikoa zen. Armagabetze-prozesua, zeinak ezin baitzuen aldebakarrekoa izan, diseinua gorabehera. Luhuso oraindik aukera bat ere ez zen. Eta ideia horretan, Frantziaren konplizitatea ezinbestekoa zen.

Beraz, ahoz eta bideratzaileen bidez, ETAk aurreko kapituluan aipatu dugun mezua bidali zuen berriz ere, non erakunde armatuak Frantziako Gobernuak interesa agertuz gero armagabetzearen ekimena aztertzeko borondatea erakusten baitzuen.

Baina Frantziaren blokeoa erabatekoa zen. Ez zegoen inongo bidetik sakontzeko tarterik, erakunde armatuak aukera ikusi arren. Benetako oztopoa Manuel Valls zen, euskal auziari buruzko erabakien jaun eta jabe. 2014ko martxoaren amaierara arte karguan egon eta Vallsek berak ordezkatu zuen Jean-Marck Ayrault lehen ministroak ere ez zituen ETAren joan-etorrien xehetasunak ezagutzen. Horren lekuko izan zen Sylviane Alaux euskal sozialista, zeinak Ayraultekin topo egin baitzuen Kanadara egindako bidaia instituzional batean. Ohikoa zen bezala, ez zuen aukera galdu armagabetzearen gaia eta Frantziako Gobernuak horri elkarrizketaren bidez heltzeko beharra adierazteko. Hala, bada, lehen ministroari aipatu zion; hark, zintzotasunez hitz egin eta prozesuari buruz ezer ez zekiela adierazi zion. Valls zen erabakiak hartu behar zituena.

Valls Espainiako sektore immobilistenen Troiako zaldia zen. Hala oroitzen du Alauxek:

Harekiko harremana oso gogorra izan zen. Beti esan izan dut oso morroi arriskutsua dela. Sekulako gorrotoa zuen. Ez dut inoiz ahaztuko nola, Asanblea Nazionaleko saio batean, dagoeneko gaua zela, hatzarekin zuzenean seinalatu zidan egon ziren atentatuez hitz egin zuenean; zera esan zuen: “Terrorismoari aurre egingo diot, dagoen lekuan, dela Al Qaedarena, dela ETArena”. Denbora asko neraman biltzeko eskatzen, Barne-ministro zenean, Euskal Herrian gertatzen zenaz hitz egiteko. Beti luzamendutan zebilen. Are gehiago, diputatu bati esan zion nirekin ez zela inoiz bilduko, “Alderdi Sozialistan infiltratutako terrorista bat delako”. Azkenean, Parlamentuko nire beste bi kideak (Colette Capdevielle eta Frederique Espagnac) konbentzitu nituen eta, asko tematu ostean, Matignonen egin zigun harrera. Esan genion bake-prozesuari, presoei eta abarri buruzko txosten bat prestatu genuela. “Zer bake-prozesu? Horretarako gerra bat egon beharko litzateke, ezta?”, erantzun zuen bere bulegoko aulkitik, edalontzi bat wiski eskuan zuela. Mahaian utzi zuen mespretxuz; ez zuen ez ireki ez begiratu ere egin. Joaterakoan hartu, hari luzatu eta irakur zedin eskatu nion berriro ere.

Iñaki Egañaren Armagabetzea. Euskal bidea liburuaren pasarteekin osatutako artikuloa.

Erlazionatutako edukiak

Con mayor determinación y legitimidad · David Pla | epílogo al libro 'El desarme. La vía vasca'

2018.04.10

David Pla, representante de ETA entre 2011 y 2017), escribe el epílogo del libro 'El desarme. La vía vasca', de Iñaki Egaña. Desde la cárcel...

15 libros para comprender la historia (y el final) de ETA

2018.09. 5

Hacia la mitad del siglo XX, un grupo de estudiantes decidió cortar lazos con el nacionalismo histórico cuya cabeza visible era el PNV, deprimido y...

La última entrevista con la dirección de ETA

2019.04.25

ETA dio por terminado su recorrido, pero, antes de anunciar su disolución, ofrecía una entrevista a Iñaki Soto, director de GARA, que contó con la...

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

El hijo de Juanita Gerrikabeitia | Autobiografía de Jon idigoras

2019.05. 3

40 urte... eta segi aurrera!

2019.05. 4