Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Iñaki Egaña: «Ildo editorial berri honen bidez...

Iñaki Egaña: «Ildo editorial berri honen bidez errelatoari ikuspegi hurbilagoa gehitu nahi diogu»

Memoria historikoa Txalapartaren zutabe nagusietako bat da; beti ahalegindu gara gure iraganaren gako izan diren gertaerak eta haien protagonistak modu ulergarrian aurkezten, gertutasunez, irakurle berrien interesa pizteko eta Euskal Herriaren historia zorroztasunez eta zintzotasunez transmititzeko. Helburu horrekin, ildo editorial berri bati ekin diogu, erraz irakurtzeko moduko liburu labur eta dinamikoek osatuta, gure iragan hurbileko gertaera eta pertsona esanguratsuak ezagutarazteko. Ildo horretaz mintzatu gara Iñaki Egañarekin, bera baita sail honetako lehenbiziko bi lanen egilea: Carrero Blancoren kontrako atentatua eta Eustakio Mendizabal Txikiaren bizitza aztertzen dutenak.

Txalapartaren bereizgarria izan da beti memoriaren arloko lana, eta orain gertuko memoria historikoa lantzeko liburu sail berri bat plazaratu du. Zein da argitaletxearen ildo berri horren helburua?

Dudarik gabe, gertu baina aldi berean urruti dagoen garai baten transmisioa egitea, batez ere azken hamarkadetan harrapatu gaituen gatazkaren hainbat alderdi partzial nahiz orokor ezagutu ez zituzten belaunaldiei. Badira anitz kontu -gertaerak eta pertsonaiak, paradigma eta komunitatearen eragile bihurtu zirenak- bere garaian garrantzia handia izan zutenak eta gazteenen begirada kolektibora ia iritsi ez direnak, gaur egun bizi garen abiaduraren ondorioz. Mobilizaziorako eta militantziarako grina, arlo sozial eta kulturalean ere, beste parametro batzuetan mugitzen da orain, eta argitaletxearen nahia da orainera ekartzea orduko zeinu haiek, ez zirenak izan ez txarragoak ez hobeak, desberdinak baizik. Modernitateak eskaintzen dituen agertokietara biologikoki iristen direnek moldatzen dute oraina, eta haiei adierazi nahi diegu motxila ez dagoela hutsik, aurretik izandako hamaika esperientzia, bizi-ildo eta konpromiso daudela barruan. Eta horrez gain, modu apalagoan bada ere, errelatoari ikuspegi hurbilagoa gehitu nahi diogu, estrategia uniformizatzaile eta kolonizatzaile politikoek eta kulturalek baldintzatu duten bertsioaren kontrakoa baita askotan.

Txalapartak argitaratu dituen lanak oso garrantzitsuak izan dira ideiak, bizipenak eta borrokak transmititzeko katean. Liburu hauek gazteenei zuzendutako materiala dira, edo harago doaz?

Hala da, Txalapartak lotura nabarmena izan du iragan hurbilaz eta ez hain hurbilaz aitzindariak izan diren lan eta ikerketen argitalpenekin. Horretarako, ehunka esperientzia pilatu ditugu, bai gertakari horiek zuzenean bizi izan dituztenenak, bai gertaeretatik kanpo egonda ere haiek azaltzera hurbildu diren egileenak. Alde horretatik, erraz ezagutzen den marka da gurea. Argitaratutako zuhaitzetik adar asko sortu dira, libreki zabaldu direnak eta ezinbesteko iturri bilakatu direnak hainbat talde eta memoria elkarterentzat, baita instituzio batzuentzat ere. Eta hori harro egoteko modukoa da. Ildo berri honetako lanei dagokienez, berriz, liburu bat argitaratzen duzunean, markatzen dituzun helburuak, egile baten eta haren ideien bitartekoa izateaz gainerakoak, ez dira beti bat etortzen emaitzekin. Egia da ildo berria sektore jakin bati zuzenduta dagoela, gazte jendeari. Baina gero gerta daiteke irakurle posibleen multzoa zabaltzea eta espero ez dituzun beste sektore batzuetara irekitzea. Gure asmoa da ereitea eta uztak erabaki dezala banaketa. Oso litekeena da bat-bateko eta espero gabeko zabalkunde hori gertatzea, hots: iragana ezagutzeko irrikaz dauden gazteek irakurtzea liburu hauek, bai, baina, baita ere, gertaera haiek gogora ekartzeko pausaldi bat egin nahi duten protagonistek, edo bertan kontatzen dena bizi izan zutenek, arrazoi bategatik edo besteagatik beren garaian ezagutu ez ziren xehetasunak jakin nahian.

Liburu hauetan deigarriena da haien formatu arina. Zein da horren arrazoia?

Alde batetik, tamaina ez izatea aitzakia irakurketa baztertzeko, ikusirik gure garai honetan dauden ohitura kultural nagusiak, ikus-entzunezkoekin bereziki. Eta, bestetik, edukia fokalizatzeko, hau da, gertatutakoa lasaiago aztertzeko aukera ematen duen ikuspegi batetik abiatuta, lastoa eta alea bereizteko.

Lehenbiziko bi liburuek heltzen diote, batak Carrero Blancoren magnizidioari eta besteak Eustakio Mendizabal Txikiaren biografiari. Zergatik aukeratu dituzue gai horiek saila plazaratzeko?

Erabakia erraza izan da, 2023an bien heriotzaren mende erdia bete baita. Frankismoa hil-hurren zegoela, Espainiako presidentearen tiranizidioa, Carrero Blanco almirantearena, orduko gizarte osoaren interesa piztu zuen gaia izan zen, normala denez. Eta giro hura berreskuratu eta gaur egun azaldu nahi izan dugu. Eta Eustakio Mendizabalen figurari dagokionez, aldiz, helburua beste bat zen. 50 urte iragan ondoren, haren bizitzako alderdi asko ezezagunak ziren eta beharrezkoa zen orain argitan jartzea. Berezitasun horien artean, haren ingurunea deskubritzea, arreta merezi duen gai batek oso markatua baitzegoen: Euskal Herrian barna egin zituen joan-etorrietan Txikiari babesa eman zioten emakumeen eginkizuna, anonimoak izan baitira orain arte.

Lehen liburuaren gaia Carrero Blanco almirantearen heriotza ekarri zuen ekintza da. Zer berritasun ditu lan honek Eva Forestek atentatuaren ondotik argitara eman zuen Operación Ogro liburuarekin alderatuta?

Operación Ogro liburua klasiko bat izan zen garai hartan, eta oihartzun handia izan zuen, gertatu eta berehala kaleratu zelako, atentatuaren egileek beraiek hitz egiten zutelako bertan eta lana itzuli eta Europako eta Ameriketako argitaletxe askok publikatu zutelako. Espainiak eta Frantziak debekatu egin zuten liburua zabaltzea, eta horrek areagotu zuen hedapena. Baina, begi bistakoak diren arrazoiengatik, Operación Ogrok errelatoaren zati bat isildu zuen eta pasarte batzuk aldatu zituen. Segurtasunagatik. Liburu honek, berriz, handik 50 urtera, orduan kontatu ezin izan zutena kontatzen du, proiektuaren prestaketako bi faseak (bahiketa eta tiranizidioa) ordenatu eta bereizten ditu, erregimen frankistaren mugimenduei buruzko elementu berri batzuk gehitzen ditu (poliziaren artxiboak aztertu ahal izan direlako) eta  Operación Ogroren kontaketatik kanpo gelditu ziren pertsonaia batzuen funtsezko zereginaren berri ematen du.

Lan honen zati handi batean atentatua kontatzeko moduaz hitz egiten da, eta mito historikoa bihurtu izanaz. Zer aipatuko zenuke alderdi horretaz?

Mito historikoa itxuraldatu da Espainiako Estatuaren interesen alde gerora egin den errelatoan; teoria konspiranoikoak eta guzti zabaldu dira. Liburuak hankaz gora jartzen du hori, eta badu atal bat adimen artifizialari buruz eta bere programek sortutako testuen egungo tratamenduari buruz ere. Oraingo lan honek atentatua bere testuinguruan kokatzen du, errealitatetik gertuago dagoen toki batean. Ez du mitoa desegiten, ezta mito berririk sortzen ere; elementu objektibo batzuk plazaratzen ditu, irakurleak epaituko dituenak, ohi den bezala.

Bigarren liburuaren gaia Eustakio Mendizabal Txikiaren biografia da. ETAko militantea zen Txikia euskal askapen prozesuko mito sendoenetako bat bihurtu zen. Zergatik lortu zuen bere figurak halako ospea?

Garai hartako garrantziagatik. Batzuetan uste izaten dugu pertsonaiak eta gertaerak ezerezetik sortzen direla. Baina interpretazio hori ez da zuzena. ETA sortu zen horretarako magma egokia zegoelako, batzuek XX. mendeko “bigarren euskal udaberria” deitu zuten garaian (lehenbizikoa Espainiako Bigarren Errepublikan gertatu zen, lehen ikastolekin, Euskal Unibertsitatearen proiektuarekin, Lizardi eta Lauaxeta idazleekin, besteak beste). Garai hartan, aldeko baldintzek modu esponentzialean egin zuten bat: ikastola klandestinoak, Ez Dok Amairu, apaiz progresisten Gogor taldea, artisten Gaur taldea (Oteiza, Txillida…), langile mugimendu gero eta indartsuagoa (batez ere Etxebarriko Bandas lantegiko grebaren ondotik) eta gerra ez, baina gerraren ondorio latzenak ezagutu zituen belaunaldi bat. Manzanas komisarioaren heriotzak, 1968an, eta Burgosko epaiketak, 1970ean, erreferente bihurtu zuten ETA. The Manchester Guardian egunkariak adierazi zuenez “euskal herriarentzat ETAko gerrillak Supermanen eta Robin Hooden nahasketa moduko bat dira, eta herritarrek beldurrez eta harrotasunez hartzen dituzte”.

Biografia hori euskaldunen belaunaldi oso baten biografia ere bada, 60ko eta 70eko hamarkadetan gertatutako iratzartze nazionalaren garai erabakigarri baten protagonistena. Zergatik izan zen hain garrantzitsua haren legatua?

Haren baitan bildu zirelako garai hartako borroka gehienak. “Txikia” gerran galtzaile izandako familia batekoa zen. Baserritarren herri txiki batekoa zen, baina haren bizimodua urbanoa zen. Fraideen komentu batean ikasi zuen, bere inguruko gehienek bezala, eta bertan euskara eta gaztelania hobetu eta latina eta frantsesa ikasi zituen. Klasikoen irakurle porrokatua zen, baita komentuan klandestinoki sartzen ziren irakurgai berriena ere, poesia idatzi zuen eta antzerki konpainia baten buru izan zen. Mundu itxi hura utzi zuen Bilboko fabrika batean destajuan lan egiteko, eta euskara irakaslea ere izan zen. Itsasondotik ihes egin zuenean ez zen oraindik militantea, eta teoria eta praktika uztartzeko obsesioagatik sartu zen ETAn, non, egoerak hartaratuta, adarretako bat zuzendu baitzuen. Erakundearen buru agerikoa izan zen. Aberri Egunaren bezperetan hil zuten, eta horrek ere mitoa hauspotu zuen.

Erlazionatutako edukiak

Iñaki Egaña: "Erakunde politiko bat izan da ETA, borroka armatua burutu izan duena"

2017.10.27

Iñaki Egaña idazle eta historialariarekin elkarrizketa izan dugu. 'ETAren historia laburra' argitaratu berri, erakunde armatuaren historiaren...

Memoria aleak

2023.10.16

Txalapartan ildo editorial berri bati ekin diogu, memoria historikora zuzenduta; erraz irakurtzeko moduko liburu labur eta dinamikoek osatzen dute,...

15 libros para comprender la historia (y el final) de ETA

2018.09. 5

Hacia la mitad del siglo XX, un grupo de estudiantes decidió cortar lazos con el nacionalismo histórico cuya cabeza visible era el PNV, deprimido y...

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Tentsio-ardatzak ipar

2023.10.23

Adaxka lehorrak: liburuaren sarrera | Jokin Bergara

2023.10.31