Sacamantecas, euskal serial killerik ezagunena, eleberri historiko-beltz batean
Juan Diaz de Garaio arabarrak sei emakume bortxatu eta erail zituen Gasteiz inguruan 1870 eta 1879 urte bitartean. Haietako batzuk era ikaragarrian mutilatu zituen eta urteotan haurrak izutzeko erabili zen izengoitiarekin igaro da historiara: Sacamantecas.
Diaz de Garaioren alabak, Santa Klara komentuan moja egondakoak, aita hil eta hainbat urtetara eskuratu zituen egunkari txataletatik abiatuta, Aitor Aranak Sacamantecasen historia berreraiki zuen eleberri honetan. Horrela, kontakizunean, alabaren umezaroko oroitzapen gozoekin nahasten dira Euskal Herriko hiltzailerik ezagunenaren ibilera lazgarriak. Egilearekin solastu ginen Sacamantecas nuen aita argitaratu zuenean, 2012an.
Zalantzarik gabe eleberri bihurtzeko moduko istorioa da hau, ezta?
Bai, noski. Eta ez soilik, berez egiazko gertakari izugarriak direlako, baita pertsonaia hori gure artean oso ezaguna izan delako ere. Gaur egungo neska-mutiko gehienek Sacamantecasen berri ez badute ere, haien gurasoek eta aiton-amonek bai; hiltzaile horren ekintza lazgarriak hain zuzen ere umeak beldurtzeko erabili baitziren –esandakoa egin zezaten– aurreko belaunaldietan. Horrez gain, telebistak eta zinemak noizean behin berpizten duten gaia da, gehienetan gertakarien alderdi latzena landuz. Nik ere horren berri eman nahi izan dut, baina Sacamantecasen alderdi gizakoia ere erakutsiz, horrela egia osoagoa-edo erakutsi nahian.
Diaz de Garaio, Fernandez de Pinedo udaltzaina, garaiko prentsa... gurutzatu egiten dira zure kontakizunean. Eleberri historikotzat jo zitekeen, baina, bestaldetik, badauka ukitu poliziakoa, ezta?
Ongi diozu: bietatik dauka, gertakariek eurek horretara eramanda. Diaz de Garaiok emakume asko erail zituen Gasteiz inguruan, eta horrek, nahi eta nahi ez, garaiko udaltzainen eta orduan sortu berriak ziren guardia zibilen ikerketak abian jartzera eramango zuen.
Hala ere, Sacamantecasen alaba da eleberriaren hari gidarietako bat. Zergatik hautatu duzu alabaren ahotsa?
Bi seme ere izan zituen, baina haietako bat Kuban bizi zen, eta besteak ia harremanik ez zeukan aitarekin. Bibliografia aztertu eta gero, alaba iruditu zitzaidan egokiena bere aitaren garai bateko izaeraren berri emateko. Alaba, gainera, komentuan bizi denez, sinesgarriena da XX. mendearen hasierako Araba nekazarian aitak idazten agertzeko.
Itzel astindu zuen garaiko gizartea Sacamantecasen kasuak. Komunikabideek, Poliziak... Zer esan zuen garaiko gizarteak?
Garai hartako gizartea benetan izuturik bizi zen hilketa haiek zirela eta. Liburuan ikusten denez, Sacamantecas ez zen halako hiltzaile bakarra izan; are gehiago, Diaz de Garaiori Sacamantecas goitizena beste hiltzaile batengandik etorri zitzaion. 1870 inguruan jende askok uste zuen umeen odol freskoa edanez gero hainbat gaitz senda zitezkeela eta, horregatik, dirudunek asko ordaintzen zuten edari preziatua eskuratzeko. Sineskeria horrek hiltzaile ugari sortu zituen. Diaz de Garaiok gehienbat bere sexu grinak bultzaturik erail zuen.
Bistan da liburua idazteko asko irakurri duzula, baina, asko ikertu behar izan duzu?
Irakurri behar izan dut, bai, baina gaur egun oso garai onean bizi gara dokumentazio lana egiteko. Zorionez, gaiari buruzko saiakerak dauzkagu, bai euskaraz eta bai erdaraz, eta filmak eta telebista saioak ere aztertu ditut.
Urtetan haurrak izutzeko erabili zuten Sacamantecas goitizena. Mitoaren eta errealitatearen artean egon den pertsonaia izan da. Zein da bi horien arteko proportzioa zure liburuan?
Sacamantecas pertsonaiak –ez pertsonak– gerora izandako eboluzioan hartu zuen izaera ez dut nire eleberrian landu, umeak beldurtzeko gizon gaizto eta ikusezinaren papera izan duenez, errealitatetik oso urrundua. Baina hori beste liburu baterako gaia izan liteke.
2012ko udaberriko aldizkarian argitaratuta
Aitor Aranaren lan gehiago
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
Jodido Lanbas
2018.06. 6
Literatura beltza eta errelatoa batera datoz Edorta Jimenezen lan berrian
2018.11.18
'Kezko bola batek itoak birikak': Baztanetik mundura, beltzez eta euskaraz
2019.01.15
Iruzkinak 0 iruzkin