- Home
- Nobedadeak
- Kapitain Frakasa
Kapitain Frakasa
Nobelaren abiapuntua: Omega marka bat (pasaporte baten sinaduran) eta aieru baten indarrez nabarmenduko den irudi bat (bi txori mokoka zeru mugetan). Pasaporte-mehatxuaren hartzailea, talde mafioso baten barruan gainbehera etorritako gizon eroria, izen askoren atzean mozorrotu dena: Marcel, Cerdán, Osorio… Zein ote pasaportearen igorlea? Zein dago Omega markaren atzean?
[…]
Nobela modernoaren heroi hunkigarrienak pertsonaia arrunt, xume eta anbiguoak izan dira. Haien heroitasuna norbere baitan azterka bildutako bizi-pusketak lerrotzera mugatu ohi da. Izan ere, jasanezina zaigu taxurik eta zentzurik gabeko bizitza: fikzioaren zedarrietan eraiki beharra dago bizitza.
Are gehiago, nobela honetan gertatzen den modura, narratzaileak porrotaren arrazoiak ere ezagutzen ez dituelarik. Hala ere, badaki zerbait, alegia, nondik datorren ez dakien pasaporte hori eskaintzen zaionean, bereak egin duela. Aurrerantzean, atsedenik gabeko oroimenaren azterketa urduria baino ez zaio geldituko. Helburua ez da, dagoeneko, ihes egitea, baizik eta ezerezaren atari huts ez bilakatzea heriotza.
Horixe da nobela honetako protagonistari geratzen zaion heroitasun mixerablea. Bere buruarekiko kontu-garbitzea luke garaipen, erredentzio badaezpadakoa.
Iñaki Aldekoa
«Gerald D gero eta hotzago nirekin, ugaritzen ari zitzaizkidan kabitu ezinaren panpinak nire baitako karruselean jira eta jira: desengainua, inbidia, amorrazioa, behazuna… Ezin, ordea, panpina guztiak tiro bakar batez eraitsi. Hondamendi bakar baten atalak ziren panpinok, desberdinak, baina zerikusi begi-bistakoa zutenak porrotaren muinarekin.
Zer zen zuzena, garbi nuen: dirura ninderaman guztia zen ona, merezizkoa. Ikusi nahi ez nuena da eguneroko bizitza mapa bat dela, eta mapetan mugak dauden bezala, mugak daudela eguneroko bizitzan ere. Mendiak, ibaiak, labarrak, iragan ezin diren hesiak…».
Iruzkinak 0 iruzkin