Asel Luzarraga, justiziaren labirintoan
Duela 10 urte, 2010eko urtarrilaren 1ean, Euskal Herrian Asel Luzarraga idazlearen atxiloketaren albistearekin esnatu ginen Gabon Zaharreko ajetik. Urrundik zetorren albistea, 2009ko abenduaren 31n, Txileko estatuaren mendeko Wallmapun, Maputxe Herrian, harrapatu baitzuten hango politikaren hariek. Bertan bizi zen Asel Luzarraga, Padre las Casasen, Araukaniaren bihotzean, eta, hain zuzen ere, maputxeek pairatzen zuten (eta duten) errepresioaz idatzi izanak eraman zituen Karabineroak haren etxeraino.
Operazioaren buru, Sergio Moya fiskala, gaur egun, Aselen etxearen miaketa zuzendu zuten zenbait karabineroekin batera, Huracan operazioan auzipetuta dagoena, maputxeak espetxeratzeko muntaiak antolatzeko sare bat osatzea leporatuta.
Lehen momentutik, hainbat ahots altxatu ziren idazleari elkartasuna adierazteko. Muntaia argia izatea, ordea, ez zen nahikoa izan Asel kondenatik libratzeko, eta azkenean, aldez aurretik idatzitako gidoiari jarraiki, epaileek errudun jo zuten. Kondena, berriz, harrigarriro laburra izan zen. Nahikoa Asel Luzarraga libre utzi eta Txiletik kanporatzeko agindua bete ahal izateko.
Orain, hamar urte geroago, justiziaren labirintoan jarraitzen du Aselek. Izan ere, 2011n demanda bat jarri zuen Amerika arteko Giza Eskubideen Batzordean (AGEB) Txileko estatuaren aurka, eta 2019ko abenduan jakin dugu Batzordeak salaketaren onargarritasunaren alde ebatzi duela, haren giza eskubideen urraketaren zantzuak ikusita. Prozesuaren hurrengo fasean sartu du horrek Asel Luzarraga. Prozesu luzea eta gogorra bezain garrantzitsua, idazleak absoluzioa behar baitu Interpolen zerrendetatik ateratzea lortu nahi badu.
Auzia irabaztea zein garrantzitsua den jakinda, EIE eta Euskal PEN Kluba martxan jarri dira, eta kulturako hainbat erreferente agertu dira Asel Luzarragaren alde, hala nola Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Juantxo Skalari, Asier Serrano, Koldo Izagirre, Miren Agur Meabe, Ana Galarraga, Unai Elorriaga eta Harkaitz Cano, zerrenda luze bateko izen batzuk ematearren. Helburua, besteak beste, babes horiek presio egiteko duten garrantziaz gain, prozesuari ekonomikoki aurre egiteko kanpaina bat egitea da, otsailaren 28an aurkeztu dutena. Kasu gutxik lortzen dute AGEBeraino iristea, eta garrantzitsua izan daiteke Aselen kasua Txilek bizi duen errepresio historiko luzea, azken hiletan eskandaluzko neurrira iritsi dena, salatu eta ikusarazteko.
Aske behar dugu Asel Luzarraga, erakutsi haren aldeko atxikimendua!
Nahi duenak aukera dauka bere ekarpena egiteko horretarako jarri duten kontuan: ES38 2095 0314 30 9119646098.
Asel Luzarragak Txilen pairatu zuen poliziaren antolaketaren arrasto nabaria dauka nobela honek, mamian eta azalean. Orduan pairatu zituen gezurrek bultzatu zuten idazlea pertsonaia hauen egia idaztera.
Asel Luzarragaren liburu gehiago
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
Letren exhibizionismoa • Asel Luzarraga
2018.03.22
Literatura beltza eta errelatoa batera datoz Edorta Jimenezen lan berrian
2018.11.18
Asel Luzarragaren eleberriak, ozeanoaren beste aldean
2019.05.20
Iruzkinak 0 iruzkin