Beste bi urrats burujabetzarantz
Multinazionalak sukaldetik eta eskolatik kanporatzea, horixe da, hitz gutxitan, Nora Salbotx Alegriak eta Tasio Erkizia Almandozek proposatzen digutena. Katakrak liburu-dendak goxoki hartu gaitu mahaiaren bueltan Iparrorratza bildumaren 3. eta 4. aleei buruz mintzatzeko, eta solasaldi horren emaitza da hemen jaso dugun elkarrizketa. Bi egileekin batera, solaskide izan ditugu Itziar Amunategi eta Andoni Olariaga, Iparrorratza bilduma Iratzar fundazioaren eta Txalaparta argitaletxearen arteko lankidetza izanik egitasmoaren nondik norakoak ere hizpide hartu nahian.
Testuak: Garazi Arrula Ruiz. Argazkiak: Iñigo Uriz (FOKU).
Iaz eman genion hasiera Iparrorratza bildumari, Andoni Olariagak idatzitako Euskal matxinada eta Floren Aoizen eta Idoia Zengotitabengoaren Mamuari so liburuxkekin. Aurkezpenean Iratzar fundazioko kideek azaldu zutenez, bildumaren asmoa eztabaidetarako tresnak eskaintzea da, gaurko mundua interpretatzeko gakoak diren tresnak; helburu horri egokitu zaizkio edukia eta forma, liburuok sintetiko eta arin bezala baitira sakon eta eztabaidarako oinarri.
Aurrekoei erreparatuz, bi ale hauekin konkretura jo duzuela dirudi. Segida logikoa al da?
Iratzar: Lau liburuen haria burujabetza da. Lehen liburuak, Euskal matxinada izenekoak, burujabetza prozesu herritar historikoa aztertzen du, 1950eko hamarkadan sorturikoa, Euskal Herria (bir)burujabetzara eraman duen proiektu modernoa. Bigarren liburua, Mamuari so, desburujabetza prozesu globalaren arrazionalitateaz ari da, neoliberalismoaz. Oraingo bi liburuak, aurreko bi ardatzak kontuan hartuz, hezkuntzatik eta ekologismotik ditugun erronkak euskal herriratzen saiatu dira. Horretarako, bildumaren estiloari eutsi diogu, liburuxka irakurterrazak izanik ere oinarrizko gaiak jartzen baitira mahai gainean.
Zergatik hezkuntza eta elikadura eta ez beste bi arlo?
Ezkerrekoa, subiranista eta feminista den jendeak oinarrizkoak diren gaiak pentsatu behar ditu, gure mundu ikuskera elikatuko eta garatuko badugu. Hezkuntzaren eta elikaduraren gaiak ez dira berehalakoan agortuko, eta oraintxe gure errealitate politikoaren erdigunean daude bi-biak, oso pertinenteak dira. Kontsonantzian daude bildumarekin.
Dena den, hamaika dira paperera ekar daitezkeen gaiak, bai eta horiek garatzeko prest den jendea ere. Bilduma gutxi ditugu euskaraz forma eta helburu antzekoekin, beraz, Iparrorratzak badu urte batzuetarako bazka.
ATERA DITZAGUN MULTINAZIONALAK ESKOLATIK…
Nora, hezkuntzan aditua eta aritua zaitugu. Zer da liburu honekin askatu edo moztu behar izan duzuna?
Nora Salbotx: Hain zuzen zalantza sortu zitzaidan idatzi eta gero: posible ote da askatzea moztu gabe? Egun ditugun mendekotasun guztiak dira moztekoak; nazio ardatzean egin da bidea, eta ez ginateke honetaz hizketan egonen lan hori guztia egin izan ez balitz, baina patriarkatua eta neoliberalismoa ez dira hain maiz aipatzen, eta horrek kezkatzen ninduen. Lehen beldurgarria zen hezkuntzaren pribatizazioa, eta pandemiaz geroztik izugarria da; handitu egin da merkantilismo hori, eskolan egunero ikusten dugu. Hezkuntza negozio esparru bihurtua da eta xaloki ari gara hori onartzen, ezbaian jarri gabe.
Egindako bideak baldintzatu du gaur duguna?
Brotxa lodiko kokapen bat egiten dut, ez bainaiz historialaria, baina hezkuntza sistema publikoen logika ezagutaraztea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Pentsamendu liberalarekin eta Frantziaren eta Espainiaren estatu-nazioen sorrerarekin zerikusi handia du hezkuntza sistemaren ohiko kontzeptualizazioak. Hain zuzen horrekin hasi dut liburua, gogora ekarriz Olympe de Gougesi burua moztu ziotela feminismoa zekarrelako estatugintzaren erdigunera; horixe bermatzeko sortutako hezkuntza sistemak dira egun ditugunak.
Halere, liburuko tesietako bat da euskal hezkuntzagintza bat badagoela.
Bai, adibide batzuk ematen dira eta inflexio gune batzuk aipatzen: Eusko Ikaskuntzaren sorrerako txostenak, ikastolen sortzeak, lehenengoz D eredua sistema publikora sartzea (Iruñean, hain zuzen). Kritika bat egiten zaio generoaren edo feminismoaren eta klasearen ikuspegitik gaur egun dugun horri, egungo eztabaidetan ez dagoelako ardatz hori eta oinarri hankamotz batetik abiatzen gara beraz. Bide-orri horretan zenbait proposamen egiten ditut, euskal hezkuntzagintzan urratsak egiten jarraituko badugu kontuan hartu beharrekoak.
Laburrago aipatzen dituzu sarriago aditzen diren auziak: publiko-pribatua eta segregazioa, kasurako.
Bai, uste dut horietan sakondu ez arren aipatzen ditudan auzi guztiek erakusten dutela, bertzeak bertze, desegregazio estrategia bat. Gaur egun, autodefentsa edo erresistentzia terminoetan egiten da hezkuntzaren eztabaida: nor bere lubakietan kokatua dago, eta egoerak garamatza norberaren hautu pertsonal edo profesionalaren defentsa egitera; bide hori ez da emankorra, ordea, eta termino eraikitzailetan aritzea komeni. Identitate terminoetan edo ekarpen eraikitzailean egin beharko dugu, zeren lubakiaren beste aldean lagunak dauzkat, nik bezalaxe euskal errepublika helburu dutenak.
Hezitzaileak militante politikoa izan behar du?
Freire ekarri dut hain zuzen liburu hasierara, erreskatatu behar baititugu hezkuntzari eginiko ekarpen aunitz. Aseptizatu nahi izan da hezkuntza, ulertuta gure esparruan sestra partidistek ez dutela tokirik, baina gauza bat da hori eta nazio mailako akordioak bilatu nahi izatea, eta beste gauza bat da hezkuntzaren sen politiko sakon hori ezabatu nahi izatea. Hori beti aldarrikatu izan dut, eta gainera aldarrikatzen dut esparru oro politizatu behar dela, eskola bizitza zerbaiten gainean sostengatzen baita; curriculumaren bitartez gure gorputzak, gure presentzia neutralizatzen edo naturalizatzen saiatzen dira. Gure egote hutsean politizatu behar dugu dena.
…ETA BERDIN SUKALDEETATIK
Tasio, zu aldiz politikagintzan ikusi izan zaitugu, eta hara non zatozen elikaduraren garrantziaz hitz egitera.
Tasio Erkizia: Alor politikoan hasi aurretik, mugimendu sozialetan ibili nintzen, ikastolak, auzo elkartea, hirigintza… Politikagintzan bide luzea egin ondoren, duela hogei urte beste esparru guztiz soziopolitiko batean sartu nintzen: elikadura burujabetzan. Ziburutarrek erakutsi zidaten lurra maitatzen, eta han ikusitako atxikimenduak eraman nau konpromisora. Herria saretzeko modua izan zitekeela ikasi nuen han, hortik liburuaren azpititulua. Euskara ardatza bada ere, ez da bakarrik hizkuntzarekin saretzen nazioa; kultura, ekonomia eta bestelakoak ere behar-beharrezkoak dira. Eguneroko aldaketa txikiek eta ohiturek eraman gaitzakete eraldaketa integral batera. Elikadura izango da egun multinazionalen menpe dagoen sare nagusia; era berean, oso esparru oinarrizkoa da, eta kontsumo ohiturak aldatuz baloreak, biziera eta munduaren norabidea aldatzen ari gara.
Nekazaritza intentsiboaren eta agroindustriaren aldean, zuk zirkuitu laburraren eta saltoki kolaboratiboen aldeko apustua egiten duzu liburuan, elikadura estrategikoa dela esanez. Ohartzen al gara horretaz edo bestelako lehentasun batzuk ditugu?
Paradoxa bat gertatzen da: gizartean asko hitz egiten da elikadura burujabetzari buruz, kaka jaten ari garela, multinazionalek emandakoa ez dela fidagarria, baina ez dugu alternatibarik...
Ez dugu edo ez ditugu ezagutzen?
Zoritxarrez, gutxi daude eta gainera ez ditugu ezagutzen. Nekazaritza abandonatu dute, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan eta Araban, berriz, multinazionalek izugarrizko esku-hartzea dute. Ipar Euskal Herria aitzindari da Frantzian eta eredu Euskal Herrian, eta pausoak emateko baleko erreferentzia. Han-hemenka badira hainbat esperientzia bide horretan, eta liburuan horien aditzera ematen dut. Gure baliabide eskasekin, borondatea badago, oso posible dira proiektuok eraikitzea. Nire ametsa da hemendik hogei urtera auzo eta herri guztietan halako proiektuak eraikitzea; kontsumo-talde horietan antolatuta dagoen jendea populazioaren % 10a izatera iritsiz gero, eraldaketa handia litzateke Euskal Herriko burujabetzan.
Noren esku dago eraldaketa horri ekitea?
Bi ardatz daude kontsumo ohiturak aldatzeko: kontsumitzaileok eta nekazariak. Urte luzez uste izan dut bigarrenak zirela egiazko eragileak, eta denborarekin ohartu naiz kontsumitzaileok ere nahitaezko parte garela. Ezinbestean, beste eragile sozial eta politikoek gaia erdigunean jarri behar dute; ez da posible bestelako gizarte batez hitz egitea elikadura burujabetzan urrats konkretuak egiten ez baditugu. Elikaduraren % 90 kanpotik dator, eta 4.000 kilometro egiten du batez beste janariak; eromena guztiz, sistemaren ilogikotasunaren gailurra. Badira alternatibak, eta berriak eraikitzea oso egingarria da. Trantsizio ekologikoaz mintzatzen ari dira han eta hemen, orain hori omen da lehentasuna; hala bada, bide horretan gure ekarpen handienetako bat izan daiteke bertakoa eta ekologikoa jatea eta kontsumo bideragarria sustatzea. Multinazionalak gure sukaldeetatik kanporatzea denon esku dago.
Iparrorratza bilduman argitaratuak
Erlazionatutako edukiak
“Gaurko mundua interpretatzeko tresnak eskaini nahi ditugu”
2020.09.23
Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak, aztergai
2021.11.15
Elikaduraren bidez, herria eraikitzen
2021.11.15
Iruzkinak 0 iruzkin