Gazte Topaguneak eta Mendi Martxak | Ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia
Lemoako Gazte Topagunean aurkeztu genuen ...eta segi aurrera! liburu kolektiboa, Jarrai sortu zela 40 urte egiten zituenean. Lau hamarkadetako historia kontatzea erraza ez bada ere, saiakera honek gertakari, eztabaida eta erronka nagusien errepasoa egiten du; horretarako, protagonisten ahotsak eta bizipenak tartekatzen dira narrazioan, eta material grafikoz janzten da liburua. Mutazio handiak izan dituzte gazte mugimenduak nahiz ezker abertzalean kokatutako gazte antolakundeek, eta liburuak ongi islatzen ditu guztiak. Gaurdaino ekarri gaituen jakintza horren transmisiorako tresna da, dudarik gabe. Albiste honetara Topagune eta Gazte Martxari buruzko atala ekarri dugu, liburuaren lagin modura.
Inoiz ikusi ez duen bati Euskal Herrian gazteok Topagune bat nola bizi dugun azaltzea zaila da. 25.000 gazte herri batean bere kabuz bizitzen, formatzen, beste herriekiko harremanetan sakontzen eta, zergatik ez, ondo pasatzen. Jarraik gazteontzat eskaintza sozial eta kultural zabala prestatu du, non gazteok protagonista diren. Gazteok egina eta gazteongan pentsatzen. Sistemak, Frantziako eta Espainiako estatuek sumisioa eta menpekotza besterik eskaintzen ez diguten bitartean, euskal gazteok gure kabuz bizitzeko gai garela erakusten dugu, proiektu politiko eta sozial baten inguruan lanean.
«Euskal Herriko oihartzuna...», 1998
Hezur eta azal besterik ez ginela irudi luke egiazki, baina militantzian genuen giharra. «Ogi gogorrari, hagin zorrotza», dio esaera zaharrak, eta goseak gose, gazte antolakundearen giharreria, gaitasuna frogatzeko zer edo zer handia antolatzeko irrikaz ginen. Ez zen berria gogo hori. 1987ko apirilaren 16tik 26ra Gernika 37/87 jaialdia ospatu zen, Gernikan Martxa eta borroka dinamikaren baitan egokitutako ekitaldia zen, eta urte hartako Aberri Eguna ere jaialdi berean ospatu zen. Zazpi urtez ongi gogoan izan genuen Gernikako ekimen hura. Asteburu osoko jaialdia izan zen, kanpaldi, kontzertu eta guzti. Ikastolen aldeko festak ere eredutzat genituen, beren zirkuito eta guneekin. Alderdi komunistek antolatzen zituzten topaketen marmarra ere hor zegoen, baita, Gari Mujikak idatzi bezala, «hippyek 1969an antolatu zuten Woodstock festibala ere» (2004).
Ez agur eta ez adio ekin genion gogo-asmoak bete eta asetzeari. Eta saiatze horretan hamabosgarren urteurrenak testuinguru ezin aproposagoa eskaintzen zigun. 1994an bete genituen hamabost urte eta ospakizunen bidetik antolatu genuen lehendabiziko Gazte Topagunea, Etxarri Aranatz herrian, martxoaren 31, apirilaren 1 eta 2an.
Jarrairen 15. urteurrena ospatzen genuen. Honekin bat, eta ospakizun hau modurik handienean burutzeko, inoiz egin gabeko ekimen erraldoi bat antolatu nahi genuen. Horrelako zerbait antolatzen genuen lehen aldia zen, eta azpimarragarria ikusi genuen autonomia eta autosufizientziaz 1.000 gazte inguru antolatzeko erakutsitako gaitasuna. 3.000 pertsona espero ziren kanpaldian, ekimen ezberdinak egiteko karpan 7.000 pertsonentzako lekua zegoen, eta aurreikuspenek gainezka egin zuten, espero baino jende gehiago bildu baikenuen. 6.000 pertsona izan ziren egunero, eta ostiral eta larunbatean 9.000 eta 12.000 pertsona, hurrenez hurren. Jendearen jarrera zoragarria izan zen, eta gazteak liskarzale batzuk direlako topikoa ezeztatu zuen horrek. Primeran izan zen guztia, eguraldia izan ezik; euria, elurra, lohia eta hotza, baina gozamenak eta dibertsioak horri ere aurre egin zion. Gazte mugimenduak aurretik halakorik egin gabea zen, tamainako ekimen erreferentea, izugarrizko aurrekaria hurrengo batean honelako ekimen potente eta aglutinanteak egiten jarraitzeko. Agerian gelditu zen euskal gazteriaren indarra, ilusioa eta konpromisoa; gazte mugimenduaren berraktibazioa, sendotasuna eta aberastasuna.
...ta segi aurrera!, 1994
Egitarau bakarra izan zen, ez zen gunerik izan, baina jarduerak hamaika izan ziren. Tailerrak, txiste kontaketak, akelarrea, Jarrairen kartel eta pegatinen erakusketa historikoa, kontzertuak eta ekitaldi politikoa. Topaguneak iraun zuen hiru egunetan, halaber, guk geuk egindako irratia izan genuen entzungai. Eta Etxarri Aranatzeko zinemak gainezka egin zuen antolatu ziren hitzaldi guztietan: sexualitatea, Chiapasko errebolta, gaztetxeak eta Itoitzeko urtegia, besteak beste. Ekimenak arrakasta itzela izan zuen, eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Topagunea amaitu eta biharamunean prentsaurrekora deitu genuen balantzea egiteko. Mahaian ezin kabitu aritu zen Mikel Zubimendi: «Jarrairen 15. urteurren horren ondoren etorriko diren mobida guztiek erreferentzia bat izango dute, eta erreferentzia hori Etxarri Aranatzen bizitakoa izango da. Gazte mugimenduaren etorkizunean grabatutako urrats bat izango da, dudarik gabe».
Euskal Herrian ordura arte inoiz egindako gazte ekitaldirik jendetsuena izan zenak agerian utziko du gazte antolakundearen erreferentzia eta errotzea. Baina, batez ere, aurrera begirako gako berriak agertuko ditu:
Hurbildu den jendetza hau, herriz herri dibertsifikaturik zegoena, sintonia berri bat hartzen ari da, eta sintonia horretan urrats eta bide berriak jorratu daitezke. Gazte mugimenduaren aro berri batean gaude. Gazte mugimenduaren suspertze prozesu bat ematen ari dela ikusi genuen 1993. urtean, eta Etxarri Aranatzen ikusi duguna horren guztiaren konfirmazioa da. Belaunaldi berri bat sortu da, borrokarako prest dagoena eta gogo izugarriak dituena. Belaunaldi horrek etorkizunaren giltza du, eta horretan, Jarraik bere zeregina –aro berri horren errekurtsoa izatearen zeregina– argi bezain garbi du.
Etxarrikoa mugarria izan zen. Gazte Topagunea, berriz, gazte mugimenduaren iruditerian zentrala izango da aurrerantzean. Baita Mendi Martxak ere:
Ekimen honen bitartez, gazte mugimenduaren jardueraren hainbat elementu garrantzitsu jarri nahi ditugu praktikan. Azken batean, beste Topagune bat bezala ikusten dugu [...] Mendi Martxak sustatzen dituen baloreak azpimarragarriak direla deritzogu, elkar ezagutza, adibidez. Euskal Herriko txoko ezberdinetako errealitateak ezagutu ahal izatea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Bestalde, gazte mugimenduen kontzientzia indartu behar dela uste dugu, gazteok, berez, komunitate bat osatzen baitugu eta komunitate horren nortasuna eta indarra bermatu behar da, oso aukera gutxi eskaintzen baitzaizkio.
1994ko Etxarri Aranatzeko Gazte Topagunearen ondotik antolatu genuen lehen Mendi Martxa, 1995ean, eta hurrengo urteetan txandaka egin ziren bi ekimenok; hau da, bi urtean behin antolatu zen Topagunea eta berdin Mendi Martxa. VI. Kongresuaren ondoren aurreko ildo beretsuari eutsiko bagenion ere, estrategia berregokitu egin genuen, eta aipagai izan ditugun ekimenak berritu.
1979ko maiatzaren 10ean aurkeztu zen jendaurrean Jarrai. Berrogei urte igaro dira ordutik; efemeride borobila, inondik ere. Lan honen helburua, baina, ez da antolakunde baten jaiotza ospatzea. Orrialdeon asmoa ez da sortze baten oroitzean agortzen. Izan ere, hogei urte dira Jarraik erretiroa hartu zuela. 1999ko azaroan, eta Gazteriak antolakundearekin elkarlanean, hogei urtez ondutako eltzea belaunaldi berriei eskaini zien. Lurraren kontra lehertutako eltzearen pusketatik sortu zen Haika, Segi gero, eta buztinarekin jolasean ari dira Ernai eta Aitzina egun. Jaso, hautsi eta pusketetatik berria sortu. Etengabeko berrasmatzea. Berrogei urte eta oraino eskutik eskura darabilgu eltzea, igaroaldiak bezainbat moldeatze izan dituela. Hori ospatu asmo du liburuak.
Liburu kolektiboa
Koordinatzaileak: Jon Markel Ormazabal, Irati Sienra, Xabier Iraola.
Testua: Jon Markel Ormazabal eta Irati Sienra.
Lan-taldea: Jon Markel Ormazabal, Irati Sienra, Xabier Iraola, Endika Perez, Ana Lizarralde, Oihane Uitzi, Kattalin Artola.
Lekukotasunak: Aiora Epelde, Aure Perez, Amaia Zufia, David Pla, Josetxo Otegi, Olatz Dañobeitia, Maitane Intxaurraga, Saul Kurto, Txema Matanzas, Elene Korta, Irati Tobar, Ibai Sueskun, Ibon Meñika.
Orrazketa: Floren Aoiz.
Zuzentzailea eta itzultzailea: Haizea Saez de Eguilaz.
Talde elkarrizketetan parte hartu dute: Ainara Ladron, Aintzane Zorroza, Aiora Epelde, Aitor Elizaran, Aitziber Plazaola, Amaia Elixiri, Amaia Nicholson, Ana Lizarralde, Ander Mayora, Antonio Alvarez “Oliver”, Antton Morcillo, Dabid Zelai-Zugadi, Egoitz Garmendia, Egoitz Urrutikoetxea, Endika Perez, Eneko Aldana, Esther Agirre, Floren Aoiz, Gaizka Likona, Garikoitz Etxeberria, Gorka Torre, Gotzon Elizburu, Gotzon Kortazar, Haizpea Abrisketa, Ibai Agirrebarrena, Ibai Sueskun, Igor Chillon, Igor Ortega, Iker Casanova, Imanol Iparragirre, Iñaki Lizundia, Ion Telleria, Irati Mujika, Irati Tobar, Itsasne Fernandez, Itsaso Cuevas, Jabi Gonzalez, Jasone Manterola, Jon Salaberria, Kai Saez De Eguilaz, Karlos Renedo, Maddi Aldalur, Maitane Intxaurraga, Mikel Zubimendi, Olatz Carro, Olatz Dañobeitia, Paul Laka, Pipe San Epifanio, Unai Lizaso, Urko Larrañaga, Xabi Duhalde eta Xalba Ramirez.
Euskal gazte mugimenduaz liburu gehiago
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
40 urte... eta segi aurrera!
2019.05. 4
Gazte gara gazte... eta ez gaude konforme! • Floren Aoiz
2019.05.13
Eltzea gori-gori 80ko hamarkadaren beroan | Ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia
2019.06.26
Iruzkinak 0 iruzkin