Leire Ibarguren: “Bizitza erdigunean jartzeaz hitz egiten dugunean Miren Egiguren datorkit burura”
Emagin elkarte feministak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean argitaratu dute Petare. Miren Egigurenen puskak biografia, Leire Ibargurenek idatzia. Irailaren 8an aurkeztu zuten Tolosako kultur etxean, eta Miren Egigureni omenalditxo bat egiteko abagunea ere izan zen. Ageriko geratu zen bidaniarrak komunitate oso baten babes goxoa duela, urtetan landutako saretzearen ondorio.
Miren Egiguren bidaniarraren biografia argitaratu berri duzu. Zerk eraman zintuen idaztera?
Miren Egigurenen berri aspalditik nuen, Venezuelan harekin lanean aritutako askoren ahotik, baita bertan ibilitako brigadisten ahotik ere. Dena den, Miren Odriozolak aurkeztu zidan, emakume gehiagoren biografiak idaztera bultzatu nahi ninduen eta. Emagin elkartetik itzalean dauden askotariko emakumeen biografiak atera nahi ditugu argitara eta nire ustez gure gurasoen belaunaldian emakume ugari daude ikusezinak diren bizimoduak izan dituztenak eta jendarteari ekarpen interesgarriak egin dizkiotenak. Horiek bildu, azaleratu eta egindako ekarpena bizirik dauden bitartean aitortzea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Hainbat aurrez aurreko solasaldiren ondorio da liburua. Zer unetan ikusi zenuen “hau kontatu beharra dago”?
Lehengo bisitan ikusi nuen argi emakume haren atzean bazeudela hamaika istorio eder kontatzeko. Bisita aurretik ere banekien, baina aurrez aurre ezagutu arte ez nekien nolako konplizitatea sortu zitekeen gure artean, eta harengana nahi bezala heltzeko gai izango ote nintzen. Bisitaz bisita areagotu egin zait kuriositatea eta harekiko miresmena, ez soilik kontatzen zituen istorioengatik, baita gaur egun daraman bizimoduagatik eta bizitzaren aurrean erakusten duen jarreragatik ere.
Misiolaria izan zen lehenik, kooperante gero; orotara, 46 urte Venezuelan, gehienak hiriburuko auzorik pobreenetan. Zer nabarmenduko zenuke ibilbide horretatik?
Proiektuak pentsatu eta gauzatzeko gaitasunaz gain, komunitatearekin batera aritzeari eman dion garrantzia azpimarratuko nuke. Komunitatearen parte izate hori. Miren hamaika lanetan aritu da, baina (agian neu irakaslea naizelako izango da) bereziki hunkitu nau ikasleekin izandako tratuak, haiei irakasteko asmatutako metodoak, lau paretetatik kanpo ateratzeko egiten zituen ahaleginak, umeen etorkizunaz sentitzen zuen kezkak…
Haurtzaindegi eta ikastetxeak ez ezik, okindegia, ur hornidura, familientzako tailerrak… Hamaika dira Mirenek komunitateari emandakoak, betiere alboz albo bertakoekin lanean; erabakimen eta egintza horiez harago, elkarlanaren zentzua gailentzen da liburuan, ekintzen eta jarreren ardatz. Hori nabarmentzera jo duzu?
Ez dakit hori nabarmentzera jo dudan, edo ezinbestean bere kabuz nabarmendu den kontakizunak aurrera egin ahala. Mirenek etengabe azpimarratzen zuen zerbait zen, gakoa komunitatearekin aritzea zela, auzoaren parte izatea, bizilagun bat gehiago izatea. Baina bazekien inoiz ezingo zuela guztiz lortu haietako bat izatea, berak Petaren bizitzea aukeratu egin baitzezakeen, bertako gehienek ez bezala.
Irakurketaren erdian nire buruari kargu hartu behar izan diot, ohartu bainaiz epika handien zain nengoela, gerrillak eta oihana noiz agertuko; bestelako epika batzuen kontaketak behar ditugu?
Gure herriaren erromantizismo politikoaren ondorio izan liteke hori… Uste dut momentu honetan gure auzoetara ekarri behar dugula begirada eta ekintza. Aldemenekoez kezkatu eta elkar zaindu. Ez dakit beste epika batzuen kontaketa behar dugun, edo ekintza politikoa ulertzeko era errotik aldatu behar dugun. Politizazio era berriak izan dira, eta daude, eta horiek aitortzeko ezin dugu soilik jo historikoki ezkerrak balioan jarri dituen ekintza ikusgarrietara. Hiper bisiblea den horretan jarri dugu arreta, baina badaude ikusezin mantendu diren iraultza txiki pila bat, egunerokotasunari lotzen zaizkion aldaketa ugari, errotiko eraldaketarako ezinbestekoak direnak. Bizitza bizitzatik aldatu behar dugu. Bizitza erdigunean jartzeaz hitz egiten dugunean Miren Egigurenek egin duena eta egiten duena datorkit burura niri. Bizitzarako behar material nahiz emozional minimoak kolektiboki bermatzen ahalegintzea. Sistema kapitalistari aurre egiteko hortik hasi behar dugula uste dut, pertsonetatik, auzoetatik, herrietatik… Emaginetik hala diogu: Elkar zainduz arriskutsuak gara.
Sari eta aitortzak gorabehera, Mirenek sorterrira itzuli behar izan zuen. Hain emakume bixia izanik, zertan dago orain, eta nola hartu du liburua?
Arazo desberdinak tarteko osasuna galdu zuen, eta herrialdeari AEBk ezarritako blokeoak ere bizimodua zaildu zuen Venezuelan. 2017an itzuli zen eta egun 70 urtetik gora izanda ere lanean jarraitzen du, pentsio duinik ez baitagokio. Emakume nagusiago bat zaintzen du, eta hor aurkitu du bere tokia Mirenek. Emakume oso bizia, baikorra eta alaia da dudarik gabe.
Nola moldatu zara Caracasko mendixketan pilatu auzoetako bizimoldearen doinuak ekartzeko? Ezagutzen al zenituen inguru horiek?
Mirenek nahiz han bizitako batzuekin izandako elkarrizketek lagundu didate hango bizimoduaren ideia bat egiten. Pandemia tarteko ezin izan dut bertara joan, baina gogoan dut 2008an Venezuelara egindako bidaia batean aireportutik Caracasera bidean mendixka haietan pilatutako etxeek nolako inpresioa egin zidaten. Hamalau urte geroago hango istorioak berreskuratu eta kontatzen aritu naizen honetan, asko gogoratu dut une hura.
Ez da idazten duzun lehen biografia, aurretik Miren Odriozolarena idatzi zenuen. Prozesua bera izan da? Eroso al zaude genero horretan?
Miren Odriozolaren kasuan, El Salvadorren bertan jaso genituen bertan bizi izandako askoren testigantzak. Chalatenangon nengoela La ternura de los pueblos liburuaren hitzaurrea irakurri nuen (Miren Odriozolak idatzitakoa) eta uste dut une horretan jabetu nintzela gure ondoan hamaika bileratan egoten zen emakume hark bizi izandakoaren dimentsioaz… Hunkituta gelditu nintzen. Gero elkarrizketa haiek transkribatu eta harilkatze lana ilusio handiz egin nuen eta Miren Odriozolarekin kapituluz kapitulu zuzenduz joan ginen azken zirriborroa Txalapartara bidali arte.
Miren Egigurenen kasuan ia urte eta erdi igaro da lehen bisitatik idazten hasi nintzen arte. Galdu egiten nintzen hainbeste istorio eta izenekin. Berak pasatako dokumentuak asko lagundu zidan ordenatzen. Bitartean, bisitetan gertatzen zena ere oso polita zela iruditzen zitzaidan eta kapituluen aurretik bisitaren parte bat kontatzea okurritu zitzaidan, kontakizunari arnas pixka bat emateko, eta aldi berean gaur egungo Mirenen bizitza ere kontatzekoa iruditzen zaidalako. Oso polita izan da prozesua eta oso pozik nago Miren gertutik ezagutzeko izan dudan aukera honengatik.
Emakumeen bizitzak idazten hasita, baduzu ezagutu eta ezagutarazi nahiko zenukeen beste emakumeren bat?
Bai, noski. Asko eta asko daude. Beti ez da erraza izaten norbait horretarako konbentzitzea, ordea. Horretaz gain, Emaginen bueltan ere badago oso ondo idazten duen jendea eta emakume batzuen istorioak kontatuko lituzketenak. Eta elkarrizketa hau aprobetxatzen dut idaztera animatu daitezela esateko.
Testua: Garazi Arrula Ruiz
Euskal Herria internazionalista
Erlazionatutako edukiak
Laura esaten zioten · Leire Ibarguren |
2016.12.20
Le llamaban Laura: las luchas de Miren Odriozola en El Salvador
2018.03. 6
Epika berriak, Miren Egigurenen bizi-pusken bitartez
2022.09. 1
Iruzkinak 0 iruzkin