Elikaduraren bidez, herria eraikitzen
Iparrorratza sailean argitaratutako Jan eta jabe liburuxka hau hainbat esperientziatan oinarritutako bizipen eta hausnarketez osaturik dago. Bertan, elikadura-burujabetzaren garrantziaz eta beraren dimentsio sozioekonomikoaz eta politikoaz mintzatzen da Tasio Erkizia. Herritar orori begira idatzitako saiakera labur honek lanabes izan nahi du, egunero bestelako gizarte-eredu bat eraikitzeko bidelagun izan nahian.
Mendebaldean, jatea ekintza aski arrunta da, ohikoaren zentzuan, bai eta beharrezkoa ere; hain zuzen horregatik du dimentsio sozial eta politiko ikaragarria. Esperientziatik eta konbentzimendutik idatzitako saiakera didaktiko honetan, elikadura estrategikotzat aurkeztuko zaigu, nazio baten ekonomia, osasuna, kultura eta izaera uztartzen dituen esparrua delakoan. Egun nagusi diren nekazaritza intentsiboa eta agroindustria hizpide hartu eta, alternatiba gisara, zirkuitu laburraren, ekonomia zirkularraren eta saltoki kolaboratiboen alde egiten du. Egunez egun bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko bidean lanabes izan nahian, liburuxka honek Euskal Herrian martxan diren proiektuak ezagutzera eman eta plangintza-manifestu adostu baten beharra agertzen du, bai eta botere eraldatzaileen arteko sinergiak proposatu ere. Elikadura baita, akaso, multinazionalen morrontzetatik askatzeko eta euskaldun jendea eta herria saretzeko alor oinarrizkoena.
Azken urteotako ibilbideak eta egoerak erakusten digutenez, elikadura-burujabetzaren gaiak bultzada berri bat behar du, eta, gure ustez, oraintxe da horretarako une egokia. Gai hau politikagintzaren eta sindikalgintzaren erdigunean kokatu behar dugu. Ez da gai pribatua, kolektiboa baizik. Gizarte osoari eragiten diona eta, beraz, guztion interesekoa.
Tasio Erkizia
Egilea
Tasio Erkizia Almandoz (1943 Lesaka). Apaiz ordenatu zen eta Psikologian lizentziatu. 1971. urtetik aurrera Karmelo ikastolan eskolak ematen hasi zen eta bertoko zuzendari ere izan zen. Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen eta geroztik hamaika lan egin ditu ezker abertzalean eta herri mugimenduan; esate batera, Errigora ekimenaren bultzatzaileetako bat da, eta Labore Oartso eta Labore Bilbo elikaduraren aldeko proiektuen garapenean parte hartu du. Txalapartan, Bizipenak eta hausnarketak argitaratun zuen (2016).
Iparrorratza bilduman argitaratuak
Erlazionatutako edukiak
“Gaurko mundua interpretatzeko tresnak eskaini nahi ditugu”
2020.09.23
Andoni Olariaga: "Aurreko belaunaldiek utzitako ondarea lepoan hartu eta berridaztea tokatzen zaigu"
2020.09.29
Floren Aoiz: "Neoliberalismoaren nagusitasuna eta une berean bere kontraesanen leherketa da pandemia honen derrigorrezko kokapena"
2020.09.29
Iruzkinak 0 iruzkin