Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak, aztergai
Hemen da Iparrorratza bildumaren hirugarren liburuxka: Nora Salbotx Alegriaren Askatu edo moztu, euskal hezkuntzagintzaz hausnartzeko saiakera labur bat. Iratzar fundazioarekin lankidetzan, gaur egungo eztabaidak jorratzen ari gara liburuxka arin bezain mamitsu hauen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.
Bidasoaren bi aldeetara, hezkuntza, gurea, egundaino ez zaigu emana etorri. Bi estaturen interesen zerbitzura eraikitako sistemen gainetik, herri honen behar eta nahiei erantzunez egin dugun eta egiten gabiltzan prozesua da euskal hezkuntza. Hori dela eta, euskal hezkuntzagintzaz hitz egiten da liburu honetan; bizirauteko behar gorrian sortu, bulkada komunitarioan hazi eta gaur egunean mehatxu eta erronka berriei aurrez aurre begiratu beharko diena. Euskal hezkuntza sistema publiko-komunitario euskaldun, feminista, demokratiko eta aske baten korapiloa dekolonitateetan askatzea dagokigu, kanpo, barne zein gure baitakoetan. Askatzea diogu... edo moztea!
Euskal herritarroi hezkuntza formala ez zaigu egundaino eman; kontrara, egin egin behar izan dugu, egiten gabiltza oraindik ere. Zentzu horretan, euskal hezkuntzagintza bati buruz solas egitea dagokigu, non gaurko oinarrietatik bultzatuko den –bultzatzen ari garen– hezkuntza euskaldun, publiko, burujabe eta feminista bateranzko prozesua. Hezkuntza-sistema publiko burujabea behar dugu herri burujabe batean eta, aldi berean, herri burujabe hori helburu, hezkuntza norabide horretan tinko bulkatzen behar dugu. Guri dagokigu, gu kolektibo zein indibidualoi, euskal hezkuntzagintza hurrengo geltokira eramaten indarrak jartzea.
Nora Salbotx Alegria
Egilea
Nora Salbotx Alegria (1973 Iruñea). Haur Hezkuntzan eta Psikopedagogian graduatua da, Landa Eremuko Hezkuntzan aditua eta Hezkuntza eta Komunikazioan masterra egina du. Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle aritutakoa, gaur egun Amaiurko eskolako zuzendaritzan eta Baztango Herrietako Eskoletako koordinazioan dabil. Hik Hasiko, Herri Hezitzaileen sareko, Eusko Ikaskuntzaren hezkuntza lantaldeko eta Plaza Hutsako kide. Bertze hainbat elkarte eta eragilerekin kolaboratzen du hezkuntza aferetan. Irakasleen formakuntzan aritzen da hizkuntza idatziaren didaktika eta landa eremuko hezkuntzaren ildoak jorratuz.
Iparrorratza bilduman argitaratuak
Erlazionatutako edukiak
“Gaurko mundua interpretatzeko tresnak eskaini nahi ditugu”
2020.09.23
Andoni Olariaga: "Aurreko belaunaldiek utzitako ondarea lepoan hartu eta berridaztea tokatzen zaigu"
2020.09.29
Floren Aoiz: "Neoliberalismoaren nagusitasuna eta une berean bere kontraesanen leherketa da pandemia honen derrigorrezko kokapena"
2020.09.29
Iruzkinak 0 iruzkin