Ngugi wa Thiong'o: olerki itxaropentsu bat
Duela aste batzuk, Ngugi wa Thiong'ok mezu bat bidali zion Rayo Verde argitaletxeari, eskatuz Jordi Cuixarti poema bat igortzeko, “idatzi zidan preso politikoari. Hari helarazi, baita nahi duzuen guztiei ere. Edo, hobeki, zuen hizkuntzetara itzuli eta helarazi mundu guztiari”. Esan eta egin: Garazi Arrula Ruizek ingelesetik itzuli du, zuekin guztiekin konpartitzeko. Ngugiren esanetan, hizkuntzak literaturaren orkestra dira, larre baten askotariko loreak. Ezkortasuna nagusi den honetan, olerki hau itxaropenari kantatzea bezala da: En la Casa del Interprete [Interpretearen etxean] liburuan idatzi zuenez, “gaurik ilunena ere amaitzen da eguna argitzean”.
Iluntasunaren goiz alba | Ngũgĩ wa Thiong’o
Badakit, badakit,
giza harremanen keinu komunak mehatxatu ditu:
bostekoa,
besarkada,
negar egiteko elkarri eskaintzen diogun sorbalda,
emantzat jotzen dugun auzotasuna.
Hainbeste non puztu egiten baikara,
indibidualismo hauskaitzaz harro,
natura mespretxatzen, gainean pixa eginez pozoitzen, noiz eta
jabetzari ematen diogularik gizatasunaren eskubide legal oro,
xuxurlaka esanez eskerrak kapitalaren jainkoetan akzioak ditugun.
O, nahiko nuke orain poesia ingelesez idatzi,
edo zuen hizkuntzetako edozeinetan eta guztietan,
zuekin konpartitu ahal izateko
Wanjikũ nire kikuyu amak esandako hitzok:
Gũtirĩ ũtukũ ũtakĩa.
Ez da hain gau ilunik
goiz alban bukatzen ez denik.
Edo, sinpleago,
gau oro goiz alban da bukatzen.
Gũtirĩ ũtukũ ũtakĩa.
Iluntasun hau ere bukatuko da.
Elkartuko gara beste behin eta beste behin,
eta mintzatuko iluntasunaz eta goiz albaz,
itzuliko dira kantuak, barreak eta besarkadak ere bai agian.
Natura eta kultura estutu berdean bilduta,
izate beraren taupada oro ospatzen,
berraurkituak eta egiaz maitatuak,
iluntasunaren eta goiz alba berriaren argipean.
•••
Poema honek Janet DiVincenzo auzokoaren «Doggerel» poemari erantzuten dio, baita Mukoma wa Ngugik eta Naveen Kishorek idatzitako poema banari ere. Itzulpena: Garazi Arrula Ruiz.
Ngugi wa Thiong'oren liburuak
Harpidetu gure newsletter-ean
Nobedadeak, deskontuak, albisteak… jasotzeko
Erlazionatutako edukiak
Iraultza bertikala: mitoa eta politika eskutik
2019.03.25
Afrika, kontinente emankorra
2019.05.17
Ngũgĩ wa Thiong’o, idazle baten bizia eta lana herriaren zerbitzura
2019.05.28
Iruzkinak 0 iruzkin