1978ko abenduaren 21a · Jose Migel Beñaran Ordeñana 'Argala' hil zuten
1978ko abenduaren 21ean erail zuten Jose Migel Beñaran Ordeñana, 'Argala'. Bere heriotzak zirrara itzela eragin zuen euskal jendartearengan, baita gaitzespen-olatu erraldoi bat sorrarazi ere, manifestazio eta omenaldi ugaritan mamitua. Testuak eta irudiak: ETA. Historia irudietan (1951-1978).
1978ko abenduaren 21ean, Angelun, auto azpian itsatsia zioten bonba baten leherketak kendu zion bizia Jose Migel Beñaran Ordeñana Argalari, ETAk bere historian barrena inoiz izan duen buruzagirik karismatikoenetakoari. Besteak beste, Zabalaren bahiketan eta Carrero Blancoren hilketan parte hartua zuen Argalak, eta ekarpen teoriko inportanteak eginak ere bai, hainbat dokumentu idatziz, hala nola milien Agiri famatua eta zanbait Zutik; gainera, 70eko urteetan, ETAren ildo estrategikoa eta Ezker Abertzale osoaren antolamendu-eredua diseinatu zituztenentarikoa izan zen. Argalaren heriotzak zirrara itzela eragin zuen euskal jendartearengan, baita gaitzespen-olatu erraldoi bat sorrarazi ere, manifestazio eta omenaldi ugaritan mamitua.
1978ko abenduaren 24an, Bizkaiko gobernadore zibilak Arrigorriagako alkateari jakinarazten dionez, 4.000 poliziek herria setiatzen dute Argalari egin beharreko omenaldia galarazteko. Telesforo Monzonek proposatuta, ez da inor kalera aterako, soilik segizioa.
Argalaren bi anaiek, Pablok eta Iñakik, segizioaren buru daude, KASen ikur batekin, atzean hiru apaiz doaz eta atzean hilkutxa, lagunek eta Monzonek, Brouardek, Txomin Ziluagak eta Alfonso Sastrek garraiatuta. Azkenik, Argalaren ama eta bere alaba, Maite eta haien lehengusu bat, Joxean. Segizioa plazara heltzear dela, polizien buru dauden hiru agintarik poliziei fugonetetan sartzeko agintzen diete eta hilkutxa pasatutakoan agur militarra burutzen dute.
Iruzkinak 0 iruzkin